Negar Kantak 3 EABD

HIRUGARREN KANTA

1 Gorriak ikusia nauzu, Jaunaren haserrearen zigorpean.

2 Ilunpetara bultzatu nau eta eraman, ez argitara.

3 Haren eskuak nire aurka dihardu, egunero etengabe.

4 Azal-mamiak jan dizkit, hezurrak hautsi.

5 Saminezko eta nekezko hesia jaso dit inguruan.

6 Ilunpetan biziarazi nau, behin betiko hildakoak bezala.

7 Horma artean sartu nau, aterabiderik gabe;kate astunez lotu nau.

8 Oihuka laguntza eskatzen badut ere, ito egiten du nire erregua.

9 Bideak harritzarrez itxi dizkit, bidezidorrak nahastu.

10 Zelatan dagoen hartz izan da niretzat,gordeta zain dagoen lehoi.

11 Bidetik atera nau, sarraskitu eta bertan utzi, hondatua.

12 Uztaia tenkatu eta bere gezien jo-puntu egin nau.

13 Bere geziez barruraino zulatu nau.

14 Jende guztia barrez ari zait, koplak ateratzen dizkidate etengabe.

15 Saminez bete nau, belarmin-ura edanaraziz.

16 Hortzak hautsi dizkit harrien kontra, hautsetan zapaldu nau.

17 Urrun da niregandik bakea, ahaztua dut zer den zoriona.

18 Neure artean diot: galdua da nire etorkizuna,Jaunak ematen zidan itxaropena.

19 Neure erbestealdiko zoritxarra gogora ekartzeaedarimin pozoitsua da niretzat.

20 Ezin dut gogotik kendu, eta bihotz-eroria nago.

21 Baina oroitzen naiz itxaropena susperrarazten didan zerbaitez:

22 Jaunaren onginahia ez dela amaitu, haren errukia ez dela agortu.

23 Goizero berritzen dira. Bai handia, Jauna, zure leialtasuna!

24 Neure artean diot: Jauna da nire on guztia!Harengan dut, beraz, itxaropen.

25 Jauna ona da berarengan uste on duenarentzat,berarengana jotzen duenarentzat.

26 On da Jaunak emango duen salbamena isilean itxarotea.

27 On du gizakiak gaztetandik uztarpean ohitzea.

28 Bego bakarrik eta isilean,Jaunak probaren bat ezartzen dionean.

29 Ahuspez bedi hautsetaraino,izanen baita, beharbada, itxaropenik.

30 Jar biezaio masaila joka ari zaionari,utz biezaio irainez ase dezan.

31 Izan ere, Jaunak ez du gizakia betiko baztertzen.

32 Atsekabea ematen badu ere,errukitu egiten da bere neurrigabeko onginahiaz.

33 Ez du gogo onez umilarazten gizakia,ez dio gogo onez atsekabe ematen.

34 Herriko preso guztiak hankapean zapaltzen dituztenean,

35 Goi-goikoaren begien aurreaninoren eskubidea ukatzen dutenean,

36 gizakiari auzia oker egiten diotenean,Jaunak ez ote du ikusten?

37 Nork eman diezaioke esanari izana,Jaunaren aginduak izan ezik?

38 Zoriona eta zoritxarra ez ote dira Goi-goikoak esanik sortzen?

39 Zergatik kexatu behar du, bada, gizakiak,bekatari izan arren bizirik dagoenez gero?

40 Azter dezagun arretaz geure jokabidea,eta itzul gaitezen Jaunarengana.

41 Jaso ditzagun eskuekin batera bihotzak zeruko Jainkoarengana.

42 Errebelatu egin gatzaizkizu, kontra altxatu,eta zuk ez diguzu barkatu, Jauna.

43 Zeure haserreaz inguratu zara,eta pertsegitu egin gaituzu, erruki gabe sarraskitu.

44 Hodeiz inguratu zara, gure erregua hel ez dakizun.

45 Zabor nazkagarri bihurtu gaituzu beste herrien artean.

46 Etsai guztiak isekaz ari zaizkigu.

47 Ikara, leizea, triskantza, hondamendia: horra gure zoria.

48 Malko-errekak darizkie nire begiei,nire herriaren hondamendia dela eta.

49 Begien jarioa ez zait agortzen, ez baitugu atsedenik,

50 harik eta Jaunak zerutik begiratu eta ikusi arte.

51 Minduak ditut begiak, nire herriko alabei gertatua ikusiz.

52 Arrazoirik gabe nire etsai direnektxoria bezala harrapatu naute, harrapatu.

53 Putzu-zuloan sartu naute bizirik eta harria ipini didate gainean.

54 Burutik gora nituen urak; «Nireak egin du», nioen neure artean.

55 Zuri egin dizut dei, Jauna, leize-zulotik.

56 Entzun duzu nire deiadarra:«Ez egin entzungor nire intziri eta oihuei!»

57 Dei egin dizudanean, hurbil izan zaitut;«Ez beldurtu!», esan didazu.

58 Auzian nire alde atera zara, Jauna, bizia salbatu didazu.

59 Ikusten duzu, Jauna, zer bidegabekeria egin didaten;egidazu justizia!

60 Ikusten duzu nola mendekatu zaizkidan,zenbat asmo txar duten nire kontra.

61 Entzuten dituzu, Jauna, haien irainak,eta nire kontra duten hainbat asmo txar.

62 Nire aurka marmarrean eta azpilanean ari dira etengabe etsaiak.

63 Egiten dutena egiten dutela, begiraiezu:bertso barregarriak jarri dizkidate.

64 Jauna, emaiezu beren egiteengatik merezi duten ordaina.

65 Gogortu haien barrena: madarika itzazu!

66 Jauna, jazar itzazu zeure haserreaz,eta garbitu eguzkiaren azpitik!

Kapituluak

1 2 3 4 5