1 Azkenik, senideok, egizue otoitz gure alde, Jaunaren mezua bizkor zabal dadin, eta denek ospez onar dezaten, zuek onartu zenuten bezala.
2 Egin otoitz gizon oker eta gaiztoengandik gu onik atera gaitezen ere, ez baitira denak leialak.
3 Jauna, ordea, leiala da, eta beronek sendotuko zaituzte eta gaiztoarengandik zainduko.
4 Zuei dagokizuenez, guk agindutako guztia egiten duzuen ziurtasuna ematen digu Jaunak, baita egiten jarraituko duzuena ere.
5 Jaunak zuzen ditzala zuen bihotzak Jainkoa maitatzera eta Kristoren itxaropenean irautera.
6 Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean hau agintzen dizuegu: alde egizue zabarkerian bizi diren eta gure irakatsiei jarraitzen ez dieten senideengandik.
7 Ongi aski dakizue nola jokatu behar duzuen gure ereduari jarraitzeko: ez ginen zuen artean zabarkerian bizi izan,
8 ez genuen inoren kontura jan geure ogia; aitzitik, gau eta egun lanean nekatu ginen zuetako inorentzat zama ez izateko.
9 Bagenuen zuen kontura bizitzeko eskubidea; baina lan egin nahi izan genuen zuei jarraibide emateko.
10 Zuekin egon ginenean, arau hau eman genizuen: lanik egin nahi ez duenak ez dezala jan.
11 Zeren jakin baitugu zuetako batzuk zabarkerian bizi direla, ezer ez egiten zeregintsu.
12 Horrelakoei Jesu Kristo gure Jaunaren izenean agintzen eta erregutzen diegu: bakean lan egin eta beren ogia irabaz dezatela.
13 Zuek, ordea, senideok, ez aspertu on egiten.
14 Eta norbaitek gutun honetan guk esanari jaramonik egiten ez badio, jar ezazue nabarian halakoa eta ez izan harremanik berarekin, ea lotsatzen den.
15 Ez, noski, etsaitzat hartu behar duzuelako, senide bezala zentzarazi behar duzuelako baizik.
16 Bakea ematen duen Jainkoak eman diezazuela bakea aldioro eta era guztietan. Jauna zuek guztiokin.
17 Eta orain neure eskuz agurra: Paulok. Honela sinatzen ditut neure gutun guztiak; nire idazkera bera duzue.
18 Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuek guztiokin.