1 Nik, Paulok, Jainko gure Salbatzailearen eta gure itxaropen den Jesu Kristoren aginduz beronen apostolu naizen honek,
2 zuri idazten dizut, Timoteo, sinesmenean neure egiazko seme zaitudan horri. Jainko Aitak eta Jesu Kristo gure Jaunak eman biezazkizute grazia, errukia eta bakea.
3 Mazedonia aldera joan nintzenean, Efeson gelditzeko eskatu nizun; jarraitu, otoi, bertan, eta zentzatu doktrina arrotzak irakasten ari direnak;
4 esaiezu ipuin eta amaigabeko jatorri-zerrendetan arretarik ez jartzeko; izan ere, honelakoak egokiagoak dira eztabaidak sortzeko, sinesmenez onartzen den Jainkoaren salbamen-asmoan hezteko baino.
5 Zuk egin beharreko oharpenaren helburua hauxe da: bihotz garbitik, kontzientzia onetik eta itxurakeriarik gabeko sinesmenetik datorren maitasuna indartzea.
6 Batzuek bide horretatik okertu eta alferrikako berritsukerietara jo dute,
7 lege-maisu izan nahian, esaten eta aho betean irakasten dutena ulertzen ez badute ere.
8 Badakigu legea, berorren helburuari dagokionez erabiliz gero, ona dena;
9 kontuan hartu behar da legea ez dela ezarri zintzoentzat, beste hauentzat baizik: gaizto, errebelde, erlijiogabe eta bekatarientzat, sakrilego eta profanatzaileentzat, aita-amen hiltzaile eta giza hiltzaileentzat,
10 lizun eta homosexualentzat, esklabo-salerosle, gezurti eta zinausleentzat, eta irakaspen osasungarriaren kontra jartzen den edonorentzat;
11 irakaspen hori, Jainko zoriontsuak nire gain utzi duen berri on aintzatsuak ematen duena da.
12 Eskerrak ematen dizkiot Kristo Jesus gure Jaunari, nire gain bere apostolu-zerbitzua uzteko fidagarri aurkitu nauelako eta zerbitzu hori betetzeko indarrak eman dizkidalako,
13 niri, beraren kontra biraolari, pertsegitzaile eta laidoztatzaile izan nintzen honi; izan ere, nitaz errukitu egin zen Jainkoa, neure sinesgabean ez bainekien zer egiten ari nintzen.
14 Horrela, gainezka isuri zidan gure Jaunak bere onginahia, Kristo Jesusekin bat eginik ditugun sinesmena eta maitasuna emanez.
15 Sinesgarria eta guztiok onartzekoa da doktrina hau: Kristo Jesus bekatariak salbatzera etorri zela mundura. Eta inor ez ni baino bekatariagorik;
16 baina horrexegatik, hain zuzen, errukitu zitzaidan Jainkoa, Jesu Kristok bere pazientzia aurrenik niregan erakuts zezan eta betiko bizia izateko harengan sinetsiko zutenentzat eredu izan nendin.
17 Gizaldien Erregeari, beraz, Jainko hilezkor, ikusezin eta bakarrari, ohore eta aintza menderen mendetan. Amen.
18 Timoteo, ene seme, argibide hauek uzten dizkizut, elkarteko profetek zutaz esan zutena gogoratuz. Hartan oinarriturik, hartzazu parte borroka eder honetan,
19 sinesmenari eta kontzientzia garbiari eutsiz; hau bazterrera uzteagatik, sinesmenean ere huts egin du zenbaitek,
20 hala nola Himeneok eta Alexandrok. Hauek Satanasen esku utzi ditut, biraorik ez egiten ikas dezaten.