1 Timoteori 5 EAB

Elkartekideekin nola jokatu

1 Ez egin gogor zaharrei; eman adore aitari bezala. Mutilei, berriz, anaiei bezala.

2 Emakume zaharrei, amari bezala. Eta neskatxei, arrebei bezala, garbitasun osoz.

Alarguntsak

3 Har itzazu errespetuz eta zaindu norengana jorik ez duten alarguntsak.

4 Baina alarguntsak semeak nahiz bilobak baditu, hauek ikasi behar dute lehenik beren etxekoenganako eginbeharrak betetzen eta gurasoei zor dietena itzultzen, hori baitu atsegin Jainkoak.

5 Alargun gelditu eta benetan bakarrik dagoenak Jainkoarengan jarria du itxaropena, eta etengabe ari zaio eskean, gau eta egun otoitzean.

6 Aitzitik, atseginetara emanik dagoena, bizi delarik ere, hilda dago.

7 Aholkatu behin eta berriz gauza hauek, akats gabeak izan daitezen.

8 Beretarrez eta etxekoez bereziki arduratzen ez den norbait baldin badago, honek bere sinesmenari uko egin dio eta sinesgabea baino okerragoa da.

9 Nornahik, alarguntsen sailean sartzeko, hirurogei urtez gorakoa izan behar du, behin bakarrik ezkondua,

10 bere egintza onez ezaguna: seme-alabak heztea dela edo ostatu ematea, fededunak apaltasunez zerbitzatzea edo nahigabetuei laguntzea edota era guztietako egintza onak burutzea dela.

11 Ez onartu, ordea, alarguntsen sailean alarguntsa gazteagoak; zeren, haragizko grinak eraginda, Kristorengandik aldendu eta berriro ezkondu nahi izaten baitute.

12 Horrela, errudun bihurtzen dira, lehenengo beren konpromisoa hausteagatik.

13 Gainera, alferkerian ohitzen dira eta hor ibiltzen dira etxez etxe; eta, alfer ez ezik, berritsu ere bihurtzen dira, non zer jakingo eta behar ez denaz hitz egiten ibiltzen direlarik.

14 Horregatik, nahiago dut alarguntsa gazteak ezkontzea, seme-alabak sortu eta etxeaz arduratzea, etsaiari inolako hizpiderik eman ez diezaioten.

15 Zeren dagoeneko okertu baita horietako zenbait, Satanasi jarraituz.

16 Emakume sinestedun batek, berekin alarguntsarik baldin badu, zain dezala berak, eta ez diezaiola zama hori eliz elkarteari ezar, honek norengana jorik ez duten alarguntsei laguntzeko modua izan dezan.

Eliz elkarteko zaharrak

17 Elkartea ongi zuzentzen duten arduradunek estimu bikoitza merezi dute, prediku- eta irakaste-lanetan ari direnek batik bat.

18 Liburu Santuak hau baitio: Ez diozu muturrekorik ipiniko gari jotzen ari den idiari, eta: «Langileari bere soldata zor zaio».

19 Ez onartu arduradun baten aurkako salaketarik, bi edo hiru lekukoren aitorpenaz ez bada.

20 Zentza itzazu guztien aurrean beren betebeharretan huts egiten dutenak, gainerakoek ere eskarmentua har dezaten.

21 Arren eskatzen dizut Jainkoaren, Kristo Jesusen eta aingeru hautatuen aurrean, gorde ditzazula gauza hauek guztiak aurreiritzirik gabe, alderdikeriaz ezer ere ez egiteko.

22 Ez ezarri eskuak inori arinegi, besteen bekatuen partaide egin ez zaitezen; gorde garbi zeure burua.

23 Ez dezazula ura hutsik edan, ardo pittin batekin nahasturik baizik, zeure urdailarengatik eta sarritan dituzun ondoezengatik.

24 Zenbaiten hutsegiteak auzitara baino lehen nabariak izaten dira; beste batzuenak, ordea, ondoren bakarrik azaltzen dira.

25 Gauza bera gertatzen da egintza onekin ere: batzuk nabariak dira, baina hala ez direnak ere ezin izango dira luzaroan ezkutuan gelditu.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6