1 Timoteori 4 EAB

Sinesmena ukatuko dutenak

1 Espirituak argi eta garbi dio, azken garai hauetan batzuek sinesmena ukatu eginen dutela, espiritu liluratzaileei eta deabruen irakaspenei jarraituz;

2 horiek, beren barrua gogorturik duten maisu gezurti itxurazaleez baliatzen dira:

3 hauek ezkontzea debekatzen dute eta zenbait janari ezin dela jan irakasten, nahiz eta janariok egia ezagutu duten sinestedunek eskerrak emanez jateko Jainkoak sortuak izan.

4 Zeren Jainkoak sortutako guztia ona baita eta, eskerrak emanez hartuz gero, ez da ezer baztertzekorik,

5 Jainkoaren hitzak eta gure otoitzak sakratu bihurtzen baitu.

Jesu Kristoren zerbitzari zintzo

6 Senideei hau irakatsiz, Kristo Jesusen zerbitzari on izango zara, sinesmenaren hitzaz eta jarraitu duzun irakaspen ederraz hazia zarela erakutsiz.

7 Bazter itzazu fedearen kontrako ipuin zentzugabeak, eta saia zaitez jainkozaletasunean.

8 Gorputz-ariketek ezer gutxirako balio dute; jainkozaletasunak, berriz, guztirako balio du, oraingo eta geroko biziaren agintzaria baitu berekin.

9 Hau sinesgarria eta erabat onartzekoa da.

10 Horregatik saiatzen gara lanean eta borrokan, gizon-emakume guztien eta batik bat sinestedunen salbatzailea den Jainko biziarengan itxaropen dugulako.

11 Aholkatu eta irakatsi gauza hauek.

12 Ez zaitzala inork gutxiets gaztea zarelako; izan zaitez, ordea, sinestedunentzat eredu hitzetan, jokaeran, maitasunean, sinesmenean eta biziera garbian.

13 Ni joan bitartean, ardura zaitez Liburu Santuak irakurtzeaz, irakasteaz eta adore emateaz.

14 Ez izan zabar zeure dohainari dagokionez: Jainkoak eman zizun, elkarteko profetek hala adierazirik, arduradunek eskuak ezarri zizkizutenean.

15 Arduratu gauza hauetaz etsi gabe, guztiek zure aurrerapena argi ikus dezaten.

16 Egin kontu zeure buruari eta irakasten duzunari; eutsi tinko, hori eginez, bai zeure burua, bai entzuleak salbatuko baitituzu.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6