1 Timoteori 2 EAB

Gizaki guztien aldeko otoitza

1 Ezer baino lehen, gizaki guztien alde eskari, otoitz, erregu eta esker-emateak egiteko eskatzen dizut;

2 baita erregeen eta agintea duten guztien alde ere, bizitza bare eta baketsuan bizi gaitezen, jainkozaletasunez eta gizabidez.

3 Eder eta atsegin zaio hau Jainko gure Salbatzaileari,

4 honek gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera hel daitezen nahi baitu.

5 Izan ere, bakarra da Jainkoa eta bakarra Jainkoaren eta gizon-emakumeen bitartekoa ere: gizon bat, Kristo Jesus,

6 bere burua guztien salbamenerako ordainsaritzat eman zuena. Bere garaian egindako testigantza dugu hau.

7 Honetarako egin nau ni Jainkoak oihulari eta apostolu —egia diot, ez diot gezurrik— eta jentilen maisu, berauei sinesmena eta egia irakasteko.

Gizon-emakumeen jarrera kultuan

8 Beraz, gizonezkoek toki guztietan otoitz egin dezaten nahi dut, zerurantz esku garbiak jasoz, haserrerik eta eztabaidarik gabe.

9 Emakumeei dagokienez, dabiltzala egoki jantzita, lotsaz eta eratsu atondurik; ez daitezela apain orrazkera nabarmenez, urrez, harribitxiz edota soineko aberatsez,

10 egite onez baizik, jainkozale diren emakumeei dagokienez.

11 Emakumeak isilik eta mendetasun osoz entzun behar du irakaspena.

12 Ez dut ontzat ematen emakumeak jendaurrean irakastea, ezta gizasemeari agintzea ere: egon bedi isilik.

13 Zeren Jainkoak Adam egin baitzuen lehenengo, eta gero Eva.

14 Eta liluratua ez zen Adam izan; emakumea izan zen liluratua eta Jainkoaren agindua hautsi zuena.

15 Baina bere amatasunaren bidez salbatuko da, sinesmenean, maitasunean eta santutasunean eratsu irauten badu.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6