1 Timoteori 3 EAB

Elkarte-arduradunak

1 Egia da elkarte-zuzendari izan nahi duenak eginkizun ona nahi duela.

2 Baina zuzendariak akats gabea izan behar du, behin bakarrik ezkondua, neurritsu, zentzudun, gizabidetsu, ostatu-emaile, irakasteko trebe;

3 ez ardozale, ezta sesiozale ere, bihozbera baizik, baketsua eta ez diruzalea.

4 Bere etxea ongi gobernatzen eta seme-alabak mendetasunean eta errespetuan hezten jakin behar du;

5 izan ere, nola izango du Jainkoaren elkartearen ardurarik bere etxea gobernatzen ez dakienak?

6 Ez bedi kristauberri izan, harropuztu eta deabrua bezala gaitzetsia izan ez dadin.

7 Kristau ez direnen artean ere izen ona izan behar du, desohorean eta deabruaren sareetan eror ez dadin.

Diakonoak

8 Diakonoak ere agurgarri eta hitzeko gizon izan daitezela, ez ardozale, ezta irabazi zikinei emanak ere;

9 gorde bezate kontzientzia garbiz Jainkoak agertu eta guk sinetsiriko egia.

10 Lehenik, izan bitez aztertuak eta, gero, akats gabe badira, bete bezate diakonotza-zerbitzua.

11 Emakumeek ere agurgarri izan behar dute eta ez maiseatzaile; neurritsu eta gauza guztietan fidagarri.

12 Diakonoak izan bitez behin bakarrik ezkonduak, beren seme-alabak eta etxea ongi gobernatzen dakitenak;

13 zeren zerbitzu hau ongi betetzen dutenek ohorezko maila berenganatzen baitute, eta Kristo Jesusengan dugun sinesmenak segurtasunez betetzen ditu.

Gure erlijioaren misterioa

14-15 Zu ikustera laster joango naizela espero dut; hala ere, badaiteke luzatzea eta horregatik idazten dizut, jakin dezazun nola jokatu Jainkoaren etxean, egiaren zutoin eta oinarri den Jainko biziaren elizan.

16 Ezbairik gabe, handia da gure erlijioaren misterioa:Kristo, gizaki bezala agertua,Espirituak zintzotzat aitortua,aingeruek ikusia,herriei hots egina,munduan sinetsia,Jainkoak aintzan hartua.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6