1 Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Kristo Jesusen bidez agindu zaigun bizia iragartzeko Jesu Kristoren apostolu naizen honek,
2 zuri idazten dizut, ene seme maite Timoteo. Jainko Aitak eta Kristo Jesus gure Jaunak eman biezazkizute grazia, errukia eta bakea.
3 Eskerrak ematen dizkiot arbasoen irakatsiei jarraituz bihotz garbiz zerbitzatzen dudan Jainkoari, eta gogoan zaitut etengabe, gau eta egun, neure otoitzetan.
4 Zure malkoez oroitzean, zu ikusteko irrikaz nago, pozez bete nadin.
5 Izan ere, gogoan dut zuk duzun zinezko fedea, lehenik Loide zure amonak eta Eunize zure amak izan zuten fede bera; ziur nago zuk ere badaukazula.
6 Horregatik gogorarazten dizut indarberri dezazula nik eskuak ezartzean Jainkoak eman zizun dohaina,
7 Jainkoak ez baitigu beldurti egiten gaituen espiritua eman, indarra eta maitasuna ematen eta geure buruaren jabe egiten gaituen espiritua baizik.
8 Ez izan, bada, gure Jauna aitortzeko lotsarik; ez lotsatu nitaz ere, harengatik kartzelan dagoen honetaz; bestela baizik, Jainkoaren indarraz fidaturik, sufri ezazu nirekin batera berri onaren alde.
9 Jainkoak salbatu gintuen eta bere herri santu izatera dei egin zigun, ez gure egintzengatik, berak hala erabakia zuelako baizik, eta mende guztiak baino lehen Kristo Jesusengan onginahiz maite izan gaituelako.
10 Onginahi hau orain agertu da, Kristo Jesus gure Salbatzailea munduan agertzean; honek heriotza ezereztu du eta biziaren eta hilezkortasunaren argia zabaldu, berri onaren bidez.
11 Berri on horren oihulari, apostolu eta irakasle egin nau Jainkoak.
12 Hori da nire sufrimenduen arrazoia; baina ez naiz lotsatzen, badakit-eta nortaz fidatu naizen, eta ziur nago baduela hark indarrik nire esku utzi duen fede-gordailua azken eguna arte zaintzeko.
13 Har itzazu jarraibidetzat Kristo Jesusengan oinarritzen diren sinesmen eta maitasunari buruz niregandik entzun dituzun hitz osasungarriak.
14 Zaindu gordailu eder hau, guregan bizi den Espiritu Santuaren indarraz.
15 Badakizu Asia probintziako guztiek utzi egin nindutela, hauen artean Figelok eta Hermogenesek.
16 Errukiz har ditzala Jaunak Onesiforo eta beronen etxekoak, askotan indarberritu bainau honek eta ez da nire kateez lotsatu;
17 bestela baizik, Erroman izan zenean, nire bila ibili zen arretaz, aurkitu ninduen arte.
18 Eman biezaio Jaunak auzi-egunean bere errukia iristea. Eta inork baino hobeto dakizu zenbateko laguntza eman zidan Efeson ere.