2 Timoteori 4 EAB

Berri ona zabaltzeari ekin

1 Jainkoaren aurrean eta, errege bezala agertuz, biziak eta hilak epaitzera etorriko den Kristo Jesusen aurrean erregutzen dizut:

2 hots egin Jaunaren hitza, ekin garaia denean eta ez denean, eman arrazoiak, zentzarazi eta eman adore, zeure pazientzia guztia eta irakasteko gaitasuna erabiliz.

3 Etorriko baita gizon-emakumeek irakaspen osasungarria jasango ez duten garaia: beren grinen eraginpean, maisuz inguratuko dira, berauei entzuteko irrikaz;

4 egiatik saihestuko dituzte belarriak eta ipuinetara bihurtuko.

5 Zu, ordea, izan neurritsu gauza guztietan, eraman sufrimenduak, ekin berri ona zabaltzeari, bete ongi zeure zerbitzua.

Paulo hiltzeko zorian

6 Ni neu, neure bizia opari eskaintzeko zorian nago; gainean dut mundu honetatik abiatzeko ordua.

7 Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena.

8 Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emango didana; eta ez niri bakarrik, baita haren aintzazko etorrera maitasunez itxaro duten guztiei ere.

Timoteorentzako aginduak

9 Zatozkit lehenbailehen,

10 Demasek utzi egin bainau: nahiago izan ditu mundu honetako gauzak, eta Tesalonikara joan da; Kreszente, berriz, Galaziara joan da eta Tito Dalmaziara.

11 Lukas bakarrik dago nirekin. Har ezazu Markos eta ekarri zeurekin, lanerako oso ona baitut.

12 Tikiko Efesora bidali dut.

13 Hona etortzean, ekar ezazu Troaden, Karporen etxean, utzi nuen soingainekoa, baita liburuak ere, batez ere pergaminoak.

14 Alexandro errementariak kalte handia egin dit; Jaunak ordainduko dio bere jokabidearen arabera.

15 Kontu izan zuk ere horrekin, gogor jarri baitzen gure irakatsien kontra.

16 Nire auziko lehenengo defentsan ez zen inor atera nire alde; bakarrik utzi ninduten denek; Jainkoak ez diezaiela kontuan har.

17 Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten; berak atera ninduen lehoiaren ahotik.

18 Jaunak aterako nau gaitz guztietatik eta salbamena emango bere zeruko erreinuan. Berari aintza menderen mendetan! Amen.

Azken agurrak

19 Agurtu Priska eta Akila, baita Onesifororen etxekoak ere.

20 Erasto Korinton gelditu zen; Trofimo gaixorik utzi nuen Mileton.

21 Saia zaitez negua baino lehen etortzen.Eubulok, Pudentek, Linok, Klaudiak eta senide guztiek agurtzen zaituzte.

22 Jauna zurekin. Jainkoaren grazia zuekin.

Kapituluak

1 2 3 4