1 Beraz, egia bada Kristok aholku ematen dizuela eta maitasunak adorez betetzen zaituztela, egia bada Espirituagan bat eginik bizi zaretela eta bihozbera eta gupidatsu zaretela,
2 bete nazazue pozez, denok iritzi eta sentiera bereko izanez, elkar maitatuz eta ongi hartuz.
3 Ez egin deus ere norgehiagokeriaz edota harrokeriaz, apaltasunez baizik, besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz;
4 ez nork bere onari bakarrik begiratuz, besteena ere bilatuz baizik.
5 Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak.
6 Kristo Jesusek,jainkozko izaerako izanik,ez zion gogor eutsi nahi izan
7 jainkozko bere mailari;bestela baizik,hustu egin zen bere handi-izateazeta esklabo-izaera hartu zuen,gizakien antzeko eginez.Gizaki huts bezala agertuz,
8 apaldu egin zuen bere burua,heriotzaraino menpeko eginez,gurutzean hiltzeraino.
9 Horregatik, denen gainetikgoratu zuen Jainkoaketa izen guztietan bikainenaeman zion,
10 Jesusen izenaren omenez,zeruan, lurrean eta lur azpian,guztien belaunak makur daitezen,
11 eta mihi orok aitor dezanJesu Kristo dela Jauna,Jainko Aitaren aintzarako.
12 Nire esana beti egin duzuenez gero, ene maiteok, egizue orain ere, hor ez nagoelarik; ez hor nagoenean bezala bakarrik, askoz gehiago baizik. Saia zaitezte zeuen salbamena begirune santuz burutzen;
13 Jainkoa da, izan ere, bai nahi izateko eta bai burutzeko gai egiten zaituztena, berak nahi bezala.
14 Egizue dena marmarrik eta eztabaidarik gabe,
15 gizarte maltzur eta gaizto honen erdian garbi eta akats gabe, Jainkoaren seme-alaba errugabe, izan zaitezten; gizarte honetan izarrek munduan bezala egiten duzue argi,
16 bizia ematen duen mezuari tinko eutsiz. Horixe izango dut nik harrotzeko bide Kristo agertuko den egunean, nire lehia eta nekeak ez baititut alferrik emanak izango.
17 Eta zuen sinesmenaren kultu-zerbitzua burutzeko nire bizia opari eskaini behar badut ere, pozik nago eta alaitu egiten naiz zuekin guztiokin.
18 Poz zaitezte horrela zuek ere eta alaitu nirekin batera.
19 Jesus Jaunaren laguntzaz, Timoteo laster zuengana bidaltzeko itxaropena dut, zuen berri jakinik ni ere bizkor nadin.
20 Ez dut, izan ere, beste adiskide minik, ni neu bezala zuen gauzez benetan arduratzen denik;
21 nor bereaz axolatzen dira denak eta ez Jesu Kristorenaz.
22 Baina ezagutzen duzue Timoteoren jokaera jatorra eta nola egin duen lan nirekin seme batek aitarekin bezala, berri onaren zerbitzuan.
23 Hori bidaltzea espero dut, bada, nire arazoak nola doazen ikusi bezain laster.
24 Baina badut konfiantza, Jauna lagun, neu ere zuengana laster joango naizela.
25 Bitartean, beharrezko iruditu zait Epafrodito anaia maitea, lanean eta borrokan lagun izan dudana, zuengana bidaltzea. Zuek nire premian laguntzeko bidali zenidaten;
26 baina orain zuek guztiok ikusteko irrika bizia zuen eta oso kezkaturik zegoen, beraren gaixotasunaren berri izan zenutela jakinik.
27 Egia da, gaixo egon zen, ia hilzorian; baina Jainkoa errukitu egin zitzaion, eta berari ez ezik, baita niri ere, nahigabea nahigabearen gain izan ez nezan.
28 Horrela, bada, ahalik lasterren bidali dizuet, hura berriro ikustean poz zaitezten eta ni lasaiago senti nadin.
29 Hartzazue Jaunaren izenean poz handiz, eta ohoratu beti hori bezalakoak direnak.
30 Izan ere, Kristoren aldeko lanarengatik ia hilzorian egon da eta bere bizia arriskuan jarri du, zuek niri laguntzeko egin ezin zenutena zuen ordez berak egin nahirik.