Filipoarrei 4 EAB

1 Ene senide maiteok, irrika biziz nago zuek ikusteko. Zuek, maiteok, ene poz eta koroa zaretenok, iraun ezazue Jaunari tinko atxikiak.

AZKEN AHOLKUAK, ESKER ONA ETA AGURRA (4,2-23)

Jaunarengan poztuz

2 Ebodia eta Sintikeri, Jaunarengatik, bat etor daitezela eskatzen diet.

3 Zuri, lagun zintzo horri, emakume horiei laguntzeko eskatzen dizut, nirekin batera borrokatu baitziren berri onaren alde, Klemente eta gainerako nire lankideekin batera; hauen izenak biziaren liburuan idatzirik daude.

4 Poz zaitezte Jaunarengan beti! Berriro diotsuet, poz zaitezte!

5 Ikus dezala jende guztiak zein bihozbera zareten. Hurbil da Jauna!

6 Ez eduki ezeren kezkarik, baizik eta, gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez.

7 Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez.

8 Gainerakoan, senideok, hartzazue aintzat egiazko, gizabidetsu, zuzen, garbi, maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guztia.

9 Egizue niregandik ikasi, hartu eta entzun zenutena eta niregan ikusia. Eta bakea ematen digun Jainkoa zeuekin izanen duzue.

Filipoarrei eskerrak emanez

10 Poz handia hartu dut kristau bezala, nireganako duzuen ardura nabarmen agertu delako; bazenuten lehendik ere, baina agertzeko aukerarik ez.

11 Ez diot hau ezeren beharrean nagoelako, ni neu edozein egoeratan neurez moldatzen ikasia bainago;

12 badakit eskasian nahiz ugaritasunean bizitzen. Edozein egoeratan zaildua eta edozertara jarria nago: aserik nahiz goseak egotera, ugari edukitzera nahiz beharrizanera.

13 Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan.

14 Hala ere, ederki egin zenuten nire atsekabean zeuen solidaritatea agertzean.

15 Badakizue gainera zuek, filipoarrok, berri ona zabaltzen hasi berrian Mazedoniatik atera nintzenean, eliz elkarte bat ere ez zela nire gastuen kargu egin, zuek izan ezik;

16 Tesalonikan nintzelarik ere bidali zenidaten behin eta birritan nire premietarako behar nuena.

17 Ez uste izan neuretzako mesede bila nabilenik; zuen aldeko kontua handitzea nahi dut.

18 Hartu dut, bada, dena, eta sobera daukat; oso ongi hornitua nago, Epafroditoren eskuz bidali didazuena hartu ondoren. Jainkoak atseginez onartzen duen oparia da zuen emaitza.

19 Nire Jainkoak, bere aldetik, bere aberastasun harrigarriaren arabera erantzungo dizue zeuen premia guztietan, Kristo Jesusen bitartez.

20 Aintza Jainko gure Aitari menderen mendetan! Amen.

Azken agurra

21 Agur itzazue kristau fededun guztiak. Nirekin dauden senideek agurtzen zaituztete.

22 Fededun guztiek agurtzen zaituztete, enperadorearen etxean daudenek batez ere.

23 Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuekin.

Kapituluak

1 2 3 4