6 Ez eduki ezeren kezkarik, baizik eta, gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez.
7 Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez.
8 Gainerakoan, senideok, hartzazue aintzat egiazko, gizabidetsu, zuzen, garbi, maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guztia.
9 Egizue niregandik ikasi, hartu eta entzun zenutena eta niregan ikusia. Eta bakea ematen digun Jainkoa zeuekin izanen duzue.
10 Poz handia hartu dut kristau bezala, nireganako duzuen ardura nabarmen agertu delako; bazenuten lehendik ere, baina agertzeko aukerarik ez.
11 Ez diot hau ezeren beharrean nagoelako, ni neu edozein egoeratan neurez moldatzen ikasia bainago;
12 badakit eskasian nahiz ugaritasunean bizitzen. Edozein egoeratan zaildua eta edozertara jarria nago: aserik nahiz goseak egotera, ugari edukitzera nahiz beharrizanera.