1 Nik, Paulok, ez giza aginduz edo izendapenez, Jesu Kristoren eta hau hildakoen artetik piztu zuen Jainko Aitaren izendapenez baizik apostolu naizen honek,
2 eta nirekin diren senide guztiek Galaziako eliz elkartekooi idazten dizuegu.
3 Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
4 Jesu Kristok, Jainko gure Aitak hala nahirik, bere burua eman zuen gure bekatuengatik, oraingo mundu gaizto honetatik gu askatzeko.
5 Berari aintza menderen mendetan! Amen.
6 Harriturik nago Kristoren onginahiaz dei egin zizuena baztertu eta beste berri on batera zein bizkor aldatu zareten ikusiz.
7 Ez dago, ordea, beste berri onik; baina badabiltza hor norbaitzuk zuek nahasten eta Kristoren berri ona goitik behera irauli nahian.
8 Beraz, norbaitek, ni neu nahiz zeruko aingeruren bat izanik ere, hots egin nizuena ez beste berri on bat hots egiten badizue, izan bedi madarikatua.
9 Lehen ere esana berriro diotsuet orain: madarikatua, hartu duzuen berri ona ez beste bat hots egiten dizuena!
10 Gizakien onespena bilatzen ote dut ala Jainkoarena? Gizakiei atsegin ematen saiatzen ote naiz? Oraindik gizakiei atsegin eman nahian banenbil, ez nintzateke Kristoren zerbitzari izango.
11 Jakin behar duzue, senideok, nik hots egin dizuedan berri ona ez dela gizakien asmakizuna,
12 ez bainuen inongo gizakirengandik hartu edo ikasi: Jesu Kristok agertu zidan.
13 Ezaguna duzue, noski, noizbaiteko nire jokabidea judaismoan: zein gogor pertsegitzen nuen Jainkoaren Eliza, berau suntsitu nahirik.
14 Judaismoaren baitan, neure adineko herritar askori aurrea hartzen nion, arbasoen ohiturak betetzen askoz sutsuago bainintzen.
15-16 Baina Jainkoak, jaio baino lehen aukeratu eta bere onginahiaz dei egin zidanak, gogoko izan zuen bere Semea niri agertzea, beronen berri ona jentilei adieraz niezaien. Nik, orduan, ez nion hezur-mamizko inori aholkurik eskatu,
17 ezta ni baino lehenagotik apostolu zirenen bila Jerusalemera igo ere, baizik eta berehala Arabiara abiatu nintzen; gero, berriro Damaskora itzuli.
18 Handik hiru urtera Jerusalemera igo nintzen Pedro ezagutzera, eta hamabost egun egin nituen berarekin.
19 Beste apostolurik ez nuen ikusi, Jaunaren anaia Santiago izan ezik.
20 Jainkoa dut lekuko ez diodala gezurrik idazten dizuedan honetan.
21 Gero, Siria eta Zilizia eskualdeetara joan nintzen.
22 Judeako eliz elkarteek ez ninduten oraindik begiz ezagutzen.
23 Entzun, bai, entzuna zuten lehengo pertsegitzaile hura garai batean suntsitu nahi izan zuen sinesmena zabaltzen ari zela orain.
24 Eta niregatik Jainkoa goresten zuten.