Galaziarrei 2 EAB

Pauloren berri ona beste apostoluek onartua

1 Hamalau urteren buruan, berriro Jerusalemera igo nintzen Bernaberekin, Tito ere neurekin neramala.

2 Goi-agerpen batek eraginda igo nintzen eta, hango zuzendariekin bakarrean bildurik, jentilen artean hots egiten dudan berri ona agertu nien; ez nuen nahi oraingo edo orduko nire ahaleginak alferrikako gertatzea.

3 Eta hara, neurekin nuen Tito ere, jentil-jatorrikoa izan arren, ez zuten erdaintzera behartu.

4 Arazoa gezurrezko anaia batzuek sortu zuten: tartean sartu zitzaizkigun azpikeriaz, Jesu Kristori esker dugun askatasuna oztopatzeko eta gu berriro Moisesen legearen esklabo bihurtzeko.

5 Horrelako horien aurrean ez genuen une batez ere atzera egin, beraiei amore emanez, beharrezko baitzen berri onaren egiak zuengan sendo irautea.

6 Zuzendariei dagokienez —zer ziren edo zer ez ziren ez dit axola, Jainkoak ez baitio itxurari begiratzen—…, zuzendari horiek, bada, ez zidaten ezer ezarri.

7 Oso bestela, ikusi zuten Jainkoak jentilei berri ona hots egiteko aukeratu ninduela, Pedro juduei hots egiteko aukeratu zuen bezala.

8 Zeren Pedrori juduen apostolu izatera eragin zion Jainkoak berak eragin baitit niri jentilen apostolu izatera.

9 Aintzat hartu zuten, bada, Jainkoak niri emandako dohaina, eta elkarteko zutabetzat hartuak ziren Santiago, Pedro eta Joanek eskua eman ziguten Bernaberi eta bioi elkartasun-seinaletzat: guk jentilen artean lan egingo genuen, eta haiek juduen artean.

10 Hau besterik ez ziguten eskatu: hango behartsuak gogoan izateko. Eta ardura osoz saiatu naiz hori betetzen.

Paulok Pedrori gogor egin

11 Baina, Pedro Antiokiara etorri zenean, gogor egin behar izan nion aurrez aurre, oker jokatu baitzuen.

12 Izan ere, Santiagoren aldeko batzuk etorri aurretik, ez zuen eragozpenik izaten judu ez zirenekin jateko; baina, haiek etorriz gero, atzera egin zuen eta bereiz egoten hasi zen, erdainkuntzaren aldeko zirenen beldurrez.

13 Eta gainerako juduek ere jarraitu egin zioten itxurakeria horretan, Bernabe bera ere hartara jarri zelarik.

14 Beraz, berri onaren egiaren bidetik zuzen ez zebiltzala ohartu nintzenean, honela esan nion Pedrori denen aurrean: «Zu, judu izanik, jentil bezala bizi baldin bazara eta ez judu bezala, zergatik behartzen dituzu jentilak judu bezala bizitzera?»

SALBAMENA KRISTORENGAN SINESTETIK (2,15—4,20)

Berri onaren edukia

15 Gu judu gara jaiotzaz, eta ez jentil-herri bekatari horietakoak.

16 Badakigu, hala ere, Jainkoak ez duela inor onartzen legea betetzeagatik, Jesu Kristogan sinesteagatik baizik. Eta guk Jesu Kristogan sinetsi dugu, Jainkoak Kristorenganako sinesmenari esker eta ez legeak agindua betetzeagatik onar gaitzan; izan ere, Jainkoak ez du inor legea betetzeagatik onartzen.

17 Baina, Jainkoaren onespena Kristoren bidez bilatuz, gu ere bekatari gertatu bagara, zer esan? Kristo bera bekatuaren zerbitzura dagoela? Inola ere ez!

18 Behin suntsitu nuena berriro eraikitzen badut, ordea, errudun izan nintzela aitortzen dut.

19 Ni legeak eraman ninduen legearekiko lokarria etetera, Jainkoarentzat bizitzeko. Kristorekin batera gurutziltzaturik nago,

20 eta honezkero ez naiz ni bizi, Kristo bizi da niregan. Eta oraingo neure giza bizitza, maite izan ninduen eta bere bizia nire alde eskaini zuen Jainkoaren Semearenganako sinesmenean oinarriturik bizi dut.

21 Jainkoaren onginahia ez dut alferrikako bihurtu nahi. Baina Jainkoak legea betetzeagatik onartzen gaituela egia balitz, alferrik hila izango zen Kristo.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6