Lukas 16 EAB

Etxezain argiaren parabola

1 Jesusek esan zien ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten.

2 «Deitu zion eta esan: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta”.

3 «Honela zioen, orduan, etxezainak bere baitan: “Zer egin behar dut orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz.

4 Badakit zer egin, kargutik botatzen nauten honetan etxean nork hartu izan dezadan”.

5 «Deitu zituen bere nagusiaren zordunak banan-banan, eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?”

6 Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak esan zion: “Hona zure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar”.

7 «Gero, hurrengoari galdetu zion: “Zuk zenbat zor diozu?” Hark erantzun: “Ehun anega gari”. Eta besteak, orduan: “Hona zure ordain-agiria; idatzi laurogei”.

8 «Eta nagusiak txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhurki jokatu zuelako. Izan ere, mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino.

Bidegabeko dirua eta egiazko ondasuna

9 «Beraz, hauxe diotsuet nik ere: Irabaz itzazue adiskideak bidegabeko diruaren bidez; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuetan hartuko zaituzte Jainkoak.

10 «Gauza txikietan fidagarria, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabea, handietan ere zuzengabe.

11 Bidegabeko dirua erabiltzen fidatzekoak izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasuna?

12 Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman benetan dagokizuena?

13 «Ez da morroirik bi nagusi zerbitza ditzakeenik; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan».

14 Entzun zuten hau guztia fariseu diruzaleek, eta barre egiten zioten Jesusi.

15 Honek esan zien: «Zuek zeuen buruak zintzo azaltzen dituzue jendearen aurrean, baina ezagutzen du Jainkoak zuen barrua; izan ere, gizakiak baliotsutzat daukana, Jainkoarentzat mespretxagarri da.

Legea eta Jainkoaren erregetza

16 «Moisesen legearen eta profeten garaia Joan Bataiatzailearekin bukatu da; geroztik, Jainkoaren erregetzaren berri ona adierazten da, eta denek indar egiten dute bertan sartzeko.

17 «Errazago da zeru-lurrak desagertzea, legearen zeinurik txikiena ere huts gertatzea baino.

Adulterioaz

18 «Emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak adulterio egiten du; eta senarrak utzitako emakume batekin ezkontzen denak adulterio egiten du.

Aberatsa eta Lazaro

19 «Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez janzten zena eta egunero festa ederrak egiten zituena.

20 Bazen Lazaro izeneko eskale bat ere, haren ate ondoan egoten zena; zauriz josia zegoen.

21 Pozik asko jango zukeen aberatsaren mahaitik lurrera botatzen zutena. Txakurrek ere etorri eta zauriak miazkatzen zizkioten.

22 «Hil zen eskalea, eta Abrahamen ondora eraman zuten aingeruek; hil zen aberatsa ere, eta lur eman zioten.

23 Hildakoen Egoitzan oinazez zegoela, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urruti, eta Lazaro haren ondoan.

24 Orduan, deiadar egin zion: “Aita Abraham, erruki nitaz; bidal ezazu Lazaro atzamar-muturra uretan busti eta niri mihia freskatzera, kiskaltzen bainago sugar hauetan”.

25 Baina, Abrahamek erantzun zion: “Seme, gogoratu zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zoritxarrak; orain, hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak..

26 Horrez gainera, leize handi bat dago zuen eta gure artean; nahita ere, ez dauka inork hemendik zuengana igarotzerik, ezta hortik guregana ere”.

27 «Aberatsak, berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera,

28 bost anaia ditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, beraiek ere oinaze-toki honetara etor ez daitezen”.

29 Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta profetak: entzun diezaietela”.

30 Hark, oraindik: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joaten bazaie, orduan bai bihozberrituko direla”.

31 Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, hildakoren bat piztuta ere, ez dute kasurik egingo”».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24