Lukas 4 EAB

Jesus tentaldian garaile

1 Jesus Espiritu Santuaz betea itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barrena ibili zen

2 berrogei egunez, deabruak tentatzen zuela. Egun haietan ez zuen ezer jan, eta azkenean gosetu egin zen.

3 Deabruak esan zion, orduan:—Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.

4 Jesusek erantzun zion:—Liburu Santuan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.

5 Ondoren, deabruak, toki garai batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean

6 eta esan zion:—Hara, neureak ditut erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta nahi dudanari eman diezazkioket.

7 Beraz, adoratzen banauzu, zeuretzat izango dituzu.

8 Jesusek erantzun zion:—Idatzia dago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.

9 Orduan, Jerusalemera eraman zuen deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan zion:—Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua hemendik behera,

10 idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko.

11 Besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.

12 Baina Jesusek erantzun:—Agindua dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.

13 Orduan, bere tentazio guztiak agorturik, deabruak alde egin zuen Jesusengandik, hurrengo egokiera arte.

GALILEAKO MISIOA (4,14—9,50)

Misioa hasi

14 Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta inguru hartan guztian zabaldu zen haren berri.

15 Hango sinagogetan irakasten zuen, denek goraipatzen zutela.

Misio-egitaraua (4,16-30)

Nazaretera bisitan

16 Nazaretera joan zen, bera hazi zen herrira, eta larunbatean sinagogan sartu zen, ohi zuenez, eta irakurgaia egitera zutitu.

17 Isaias profetaren liburua eman zioten eskura eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen:

18 Jaunaren espiritua nire gainean dago, berak bainau sagaratu behartsuei berri ona adierazteko; berak nau bidali gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera eta zapalduak askatzera,

19 Jaunak onginahia azalduko duen urtea hots egitera .

20 Liburua itxi, laguntzaileari eman eta eseri egin zen; denak sinagogan begira-begira zeuzkan.

21 Eta honela hasi zitzaien: «Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat».

22 Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina zioten: «Ez al da, bada, hau Joseren semea?»

23 Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura oroitaraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua”, eta esango: “Egitzazu hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”».

24 Eta erantsi zuen: «Benetan diotsuet: Ez da profetarik bere herriari mesedegarri zaionik.

25 Egiaz esaten dizuet: Emakume alargun asko zegoen Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta erdian euririk egin ez zuelarik, lurralde osoan gosete handia izan zenean;

26 hala ere, Jainkoak ez zuen haietako inorengana bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargun batengana baizik.

27 Eta legendun asko zegoen Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zuen haietako inor sendatu, Naaman siriarra baizik».

28 Hau entzutean, sinagogako denak amorruz bete ziren.

29 Eta, jaikirik, Jesus herritik kanpora bota eta herria jasoa zegoen mendiko amildegi batera eraman zuten, handik behera jaurtitzeko.

30 Baina Jesus haien artetik igaro eta bere bidetik joan zen.

Jesus nagusitasunez predikatzen eta sendatzen (4,31—5,16)

Jesusek deabruduna sendatu. Jesusen hitzaren nagusitasuna

31 Jesus Galileako hiri batera, Kafarnaumera, jaitsi eta jendeari irakasten ari zen larunbatean.

32 Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez hitz egiten baitzien.

33 Bazen sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihu bizian esan zuen:

34 —Utikan! Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.

35 Jesusek gogor eraso zion:—Isil hadi eta irten horrengandik!Deabruak jendartean lurrera bota zuen gizona, baina batere kalterik egin gabe atera zen harengandik.

36 Harri eta zur gelditu ziren denak, eta elkarri esaten zioten:—Zer da hau? Espiritu gaiztoei nagusitasunez eta indarrez agintzen die, eta horiek atera egiten!

37 Haren entzutea herrialde hartako bazter guztietara zabaldu zen.

Jesusek Simonen amaginarreba sendatu

38 Jesus sinagogatik atera eta Simonen etxean sartu zen. Simonen amaginarreba sukar handiaz zegoen, eta haren alde zerbait egiteko eskatu zioten.

39 Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu zion sukarrari eta sukarrak alde egin; jaiki zen amaginarreba berehala eta zerbitzatzen hasi zitzaien.

Gaixo asko sendatu

40 Eguzkia sartu zenean, gaixoak zeuzkaten guztiek, gaitza edozein zela ere, Jesusengana eraman zituzten; eta hark, bakoitzari eskuak ezarriz, sendatu egin zituen.

41 Askorengandik atera ziren deabruak ere, deiadarka: «Jainkoaren Semea zara zu».Berak zorrotz galarazten zien hitz egitea, bazekiten-eta Mesias zela.

Jesus Judean barrena predikatzen

42 Eguna zabaldu zuenean, Jesus herritik irten eta bazter bakarti batera joan zen. Jendea haren bila zebilen, eta, aurkiturik, eutsi egin nahi zioten, beraiengandik alde egin ez zezan.

43 Baina hark esan zien: «Gainerako herriei ere adierazi behar diet Jainkoaren erregetzaren berri ona, horretarako bidali bainau Jainkoak».

44 Eta Judeako sinagogetan ibili zen berri ona hots egiten.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24