22 Ondoren, mandatariei erantzun zien:—Zoazte eta esan Joani ikusi eta entzun duzuena: itsuek ikusi egiten dute, herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berri ona ematen zaie.
23 Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!
24 Joanen mandatariek alde egin zutenean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendeari: «Zer ikustera irten zineten basamortura? Haizeak kulunka darabilen kanabera?
25 Zer ikustera irten zineten, bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi ederrez eta luxuan dabiltzanak errege-jauregietan bizi ohi dira.
26 Zer ikustera irten zineten, bada? Profetaren bat? Bai, noski, eta profeta baino ere handiagoa.
27 Hartaz dago idatzia Liburu Santuan: Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik; hark prestatuko dizu aurretik bidea.
28 Egia esan, ez da amaren semerik Joan baino handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere hura baino handiago da.