1 Zuk, ordea, irakatsi doktrina osasungarria.
2 Gizaseme zaharrak izan daitezela neurritsuak, agurgarriak, zentzudunak eta fedean, maitasunean eta eroapenean helduak.
3 Emakume zaharrek, ere fededunari dagokion portaera izan dezatela; ez daitezela gaizki-esaleak eta ardoari emanak izan, ongian maistra baizik,
4 neska gazteei beren senarrak eta haurrak maitatzen irakats diezaieten,
5 eta zentzudun, garbi, etxekoandre on eta beren senarren menpeko izaten lagun diezaieten. Horrela, ezin izango du inork Jainkoaren hitza iraindu.
6 Aholkatu mutil gazteak ere, zentzudun izan daitezen,
7 gauza guztietan zeu egintza onen eredu agertuz: irakaspen garbiko eta gizabidetsu;
8 hitz egin jator eta inork ez kritikatzeko eran, kontra daudenak lotsatan geldi daitezen, gutaz gaizki mintzatzeko egokierarik gabe.
9 Esklaboak nagusien menpeko izan daitezela gauza guztietan: bete dezatela beraien gogoa, ezezkorik esan gabe
10 eta lapurretarik egin gabe, baizik eta leialtasun betea agertuz, Jainko gure Salbatzailearen irakaspena gauza guztietan ohora dezaten.
11 Izan ere, agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztientzat salbagarri.
12 Honek irakasten digu Jainko gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, justiziaz eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen,
13 gure itxaropen zoriontsua bete zain gaudelarik: Jesu Kristo Jainko handia eta gure Salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain.
14 Honek bere burua eman zuen guregatik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, beraren herri izan gaitezen, beti ongi egiteko gogotsu.
15 Hau predikatu behar duzu, adore emanez eta aginpide osoz zentzaraziz. Ez zaitzala inork gutxiets.