Titori 3 EAB

Sinestedun guztien betebeharrak

1 Oroitarazi denei gobernari eta agintarien menpeko izan behar dutela, hauen esanak egin eta egintza on guztirako prest egon.

2 Ez dezatela inor irain eta ez daitezela sesiozale izan, bihozbera baizik, gizaki guztientzat otzantasunez beteak.

3 Gu ere, noizbait, burugabe, errebelde, bide-galdu, edozein grina eta atseginkeriaren menpeko izanak gara, gaiztakerian eta bekaizkerian bizi izanak, gorrotagarri eta elkarren gorrotatzaile.

4 Baina orain Jainko gure Salbatzailearen bihotz ona eta gizon-emakumeenganako maitasuna agertu da

5 eta salbatu egin gaitu, ez gure jokabide zuzenagatik, bere errukiari esker baizik, jaioberritzen gaituen garbikuntzaz eta Espiritu Santuak guregan eragiten duen berrikuntzaz;

6 Espiritu hori oparo isuri zigun Jainkoak Jesu Kristo gure Salbatzailearen bitartez;

7 horrela, Jainkoak bere onginahiaz onartu gaituelarik, itxaro dugun betiko biziaren oinordeko bilakatu gara.

Titori burubideak

8 Doktrina hau sinesgarria da, eta gauza hauetaz zuk finko irakastea nahi dut, Jainkoarengan sinetsi dutenak egintza onetan lehenengo izaten lehia daitezen. Gauza hauek gizakientzat on eta mesedegarri dira.

9 Eztabaida zoroak, ordea, jatorri-zerrendak, sesioak eta legeari buruzko auziak utzi alde batera, hutsalak baitira eta ezertarako on ez.

10 Alderdikeriak sustatzen dituena, behin eta birritan zentzarazi ondoren, bota ezazu elkartetik,

11 halakoa oker dabilela, bekatari dela eta bere burua gaitzesten duela jakinik.

12 Artemas nahiz Tikiko zuregana bidaliko ditudanean, zatozkit lehenbailehen Nikopolisera, negua bertan igarotzeko asmoa baitut.

13 Zenas legegizonari eta Apolori eskura iezaiezu arretaz biderako behar dutena, ezer falta ez dakien.

14 Gutarrek ere ikas dezatela egintza onetan lehenengoak izaten, premiazko beharrei aurre eginez, gizaki onuragabe izan ez daitezen.

Azken agurra

15 Nirekin dauden guztiek agurtzen zaituzte. Agurtu sinesmenean adiskide ditugun guztiak.Grazia zuekin guztiokin.

Kapituluak

1 2 3