1 ….
2 Saulek hiru mila gizon aukeratu zituen israeldarren artetik: bi mila berekin zituen Mikmasen eta Betelgo mendialdean; beste mila, berriz, Jonatanekin ziren Benjamingo Gibean. Gainerako jendea nor bere etxera bidali zuen.
3 Filistearrek Geban zuten gudari-taldea hil egin zuen Jonatanek, eta jakin zuten hori filistearrek. Saulek, orduan, adarrak joarazi zituen lurralde osoan, esanez: «Adi, hebrearrak!»
4 Israel osoak aditu zuen berri hau: «Saulek hil egin du filistearren gudari-taldea, eta filistearrak amorraturik daude orain Israelen aurka». Orduan, herria Gilgalera bildu zen, Saulen ondora.
5 Filistearrak ere bilduak ziren Israel borrokatzeko: hiru mila guda-gurdi, sei mila zaldizko eta itsasertzeko hondarra bezainbat gudari. Igo eta Mikmasen ezarri zituzten guda-etxolak, Bet-Aben-en ekialdera.
6 Israeldarrak, beren buruak arriskuan ikusirik, larritu eta leize, hartzulo, haitzarte, babesleku eta putzu-zuloetan gorde ziren.
7 Hebrear batzuk Jordanez beste aldera igaro ziren, Gad eta Galaad lurraldeetara. Saulek, aldiz, Gilgalen jarraitu zuen, berarekin zen jende guztia beldur-ikaraz zegoelarik.