1 Samuel 21 EAB

David eta Ahimelek apaiza

1 Jonatan hirira itzuli zen; David, berriz,

2 Nob-era, Ahimelek apaizarengana. Ahimelek, harriturik, bidera atera zitzaion Davidi, esanez:—Nolatan zatoz bakarrik, beste inor gabe?

3 Davidek Ahimelek apaizari:—Agindu hau eman dit erregeak: «Ez dezala inork jakin zertara bidaltzen zaitudan eta zer agindu dizudan». Mutilei, berriz, halako tokira egin diet dei.

4 Zer duzu eskura? Emazkidazu bost ogi edo aurkitzen duzuna.

5 Apaizak erantzun zion Davidi:—Ez dago ogi arruntik, ogi sakratua baizik; emango dizut, baldin eta mutilek emakumeekin harremanik izan ez badute.

6 Davidek apaizari:—Badakizu gudura ateratzen garenean debekatua dugula emakumeekin harremanak izatea. Irten nintzenean nire mutilen gorputzak garbi zeuden, irtenaldi arrunta izan arren. Are garbiago daude, beraz, gaur mutilen gorputzak.

7 Orduan, apaizak ogi sakratua eman zion, ez baitzen han beste ogirik, Jaunari eskainiak baizik; Jaunaren aurretik kenduak ziren, ogi berria ezartzeko.

8 Han zegoen, egun hartan, Jaunaren santutegian gelditua, Saulen zerbitzarietako bat; Doeg zuen izena, Edomgoa eta Saulen artzainburua.

9 Davidek esan zion Ahimeleki:—Ba al duzu hemen eskura lantzarik edo ezpatarik? Ez ditut hartu neure ezpata eta neure armak, erregearen agindua oso presakakoa baitzen.

10 Apaizak erantzun:—Hementxe dut, zeuk Terebinto haranean hil zenuen Goliat filistearraren ezpata, oihal batean bildua, efod delako apaiz-jantziaren atzean. Hartzazu, nahi baduzu, ez baitago besterik.Davidek esan zuen:—Ez da hori baino hoberik. Emadazu!

David Gateko filistearren artean

11 Abiatu zen David eta Saulengandik urruti joan zen, ihesi, egun hartan. Gateko errege Akixengana heldu zen.

12 Zerbitzariek, ordea, esan zioten Akix erregeari:—Ez al da hori David, bere herrian errege dena? Ez al zioten horri kantatzen, dantza eginez, «Saulek mila hil, Davidek hamar mila»?

13 Gogoan hartu zituen Davidek hitz hauek, eta Gateko errege Akixi beldur handia hartu zion.

14 Zoro-itxurak egin zituen haien aurrean, haien artean erotuak bezala jokatuz; ate nagusietan atzamarka hasi zen, bizarrean behera lerdea zeriola.

15 Akixek esan zien bere zerbitzariei:—Ez al duzue ikusten gizon hau erotua dagoela? Zertarako ekarri didazue?

16 Ez ote dugu, bada, geuk aski zoro, nire aurrean zorakeriak egitera hau ekartzeko? Hau ere etxean sartu behar ote zait?

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31