1 Samuel 14 EAB

Jonatanek filistear talde bati eraso

1 Behin batean, Saulen seme Jonatanek esan zion bere ezkutariari:—Zatoz, goazen hemendik beste aldera, filistearren gudari-tokiraino.Aitari, ordea, ez zion deus ere jakinarazi.

2 Saul Migrongo granadondoaren azpian zegoen, Gibeako mugetan, seiehunen bat gizon berekin zituela.

3 Ahituben seme Ahiasek zeraman efod delakoa. Aipatutako Ahitub hori Ikaboden anaia zen, Pinhasen semea; Pinhas, berriz, Xilon Jaunaren apaiz izaniko Eliren semea. Jendea ez zen ohartu Jonatan alde egina zenik.

4 Filistearren gudari-tokira igotzeko Jonatanek ibili behar zuen mendatearen alde banatan bi haitz zorrotz zeuden; Bozetz zuen batek izena, Sene besteak;

5 bata iparraldean zegoen, Mikmasen aurrean; bestea hegoaldean, Gebaren aurrean.

6 Jonatanek diotso bere ezkutariari:—Zatoz, goazen jentil arrotz horien gudari-tokiraino. Behar bada, lagunduko digu Jaunak, ez baitu eragozpenik jende askorekin nahiz gutxirekin garaipena emateko.

7 Ezkutariak erantzun zion:—Egizu nahi duzuna. Aurrera! Zeurekin nauzu, nahi duzunerako.

8 Jonatanek gehitu zuen:—Goazen, bada, jentil arrotz horiengana. Ikus gaitzatela.

9 Eta «Geldi, gu zuengana joan arte!» esaten badigute, geure tokian geldituko gara, beraiengana igo gabe.

10 Aldiz, «Igo guregana!» esaten badigute, igo eginen gara, Jaunak eskura emango baitizkigu. Horixe izanen dugu seinale.

11 Agertu ziren, bada, biak filistearren gudari-toki aurrean, eta filistearrek honela zioten: «Hara, ateratzen ari dituk hebrearrak gorderik zeuden zuloetatik».

12 Gero, honela mintzatu zitzaizkien gudari-tokiko gizonak Jonatani eta ezkutariari:—Igo guregana; gauzatxo bat erakutsiko dizuegu.Jonatanek esan zion ezkutariari:—Igo nire atzetik. Israelen esku utzi ditu horiek Jaunak.

13 Igo zen, beraz, Jonatan katamarrean, esku-oinez lagundurik, ezkutaria ondoren zuela. Jonatanek jo eta bota egiten zituen filistearrak, eta, atzetik, ezkutariak akabatzen zituen.

14 Jonatanek eta ezkutariak egin zuten lehenbiziko triskantza honetan ia hogei gizon galdu ziren tarte txikian.

15 Izua nagusitu zen kanpalekuan eta zelaian, jende guztiarengan. Gudari-tokikoak eta erasotzaileak ere ikaratu egin ziren. Lurralde osoa dardaratu zen; beldur ikaragarria sartu zitzaien.

Filistearrak ihesi

16 Benjamingo Gibean zeuden Saulen zelatariak, eta jendea harat-honat sakabanatzen ari zela ikusi zuten.

17 Orduan, Saulek esan zien berekin zituenei:—Begiratu eta ikusi nor joan den gure artetik.Begiratu zuten, bada, eta Jonatan eta ezkutaria falta ziren.

18 Saulek diotso Ahias apaizari:—Ekarri Jainkoaren kutxa!Berekin zuten, izan ere, israeldarrek egun hartan Jainkoaren kutxa.

19 Saul apaizarekin hizketan ari zen bitarte hartan, ordea, gero eta handiagoa bihurtu zen zalaparta filistearren kanpalekuan. Saulek esan zion apaizari:—Uztazu!

20 Bildu ziren Saul eta berarekin ziren gizonak, eta guda-zelairaino heldu ziren. Etsaiak elkar joka ari ziren ezpataz. Hura zen nahasmendua!

21 Lehendik filistearren zerbitzura egon eta berauen zelaira igotako hebrearrak israeldarrengana igaro ziren, Saul eta Jonatanen aldera.

22 Efraimgo mendialdean gorderik zeuden israeldar guztiak ere, filistearrak ihesi zihoazela ohartzean, beretarrengana bildu ziren, filistearren ondoren erasoka joateko.

23 Bet-Abeneraino zabaldu zen gatazka. Egun hartan Israeli eman zion Jaunak garaipena.

Herriak Jonatan salbatu

24 Larri zeuden egun hartan israeldarrak, Saulek honelako zin-hitzez mehatxatu baitzuen jendea: «Madarikatua ilunabarra baino lehen, neure etsaiez mendeka nadin arte, zerbait jan dezana!» Hala, inork ez zuen deus ere jan.

25 Lurrean eztia barreiatua zegoen oihan batera heldu zen gizatalde osoa.

26 Baso hartara sartzean, ikusi zuten eztia zeriola; baina ez zuen inork ere eskua ahora eraman, zin-hitzaren beldurrez.

27 Jonatanek, ordea, ez zuen entzun bere aitak jendeari ezarritako zin-hitza. Luzatu zuen, beraz, eskuan zeraman makila-muturra eta, eztitan sarturik, ahora eraman zuen. Bat-batean begiak argitu zitzaizkion.

28 Orduan, gizonetariko batek esan zion:—Zuen aitak zin-hitzez behartu gaitu: «Madarikatua gaur zerbait jan dezana». Eta hori, akituak gaudelarik.

29 Jonatanek erantzun:—Hondamena ekarri dio herri osoari gure aitak! Ikusi nola argitu zaizkidan begiak ezti pittin bat jan dudalako.

30 Etsaiei kendu dizkiegun harrapakinetatik jendeak jan izan balu, askoz ere triskantza handiagoa egingo geniekeen filistearrei!

31 Egun hartan Mikmasetik Aialoneraino eraso zieten filistearrei. Gizataldea, zeharo nekaturik,

32 harrapakinetara oldartu zen; hartutako ardi, idi eta zekorrak, lurrean lepoa moztu eta odolarekin jan zituzten.

33 Batek esan zion Sauli:—Bekatuan ari da jendea Jaunaren kontra: odol eta guzti ari dira jaten.Saulek, orduan:—Traidore alenak! Ekar iezadazue berehala harri handi bat.

34 Gero, agindu zuen:—Sakabana zaitezte jende artera; esaiezue, ekar diezadala nork bere idia edota ardia; hil itzazue hemen eta jan orduan. Horrela, ez duzue Jaunaren kontra bekaturik egingo odol eta guzti janez.Ekarri zuten, bada, gau hartan guztiek nork bere esku zuen idia eta bertan hil.

35 Saulek aldarea egin zion Jaunari. Hauxe izan zen Jaunari egin zion lehenbiziko aldarea.

36 Ondoren, honela mintzatu zen Saul:—Jaitsi gaitezen gauez filistearren ondoren erasoka eta desegin ditzagun eguna argitu arte. Ez utzi bat ere bizirik.Jendeak erantzun zion:—Egizu egokien iruditzen zaizuna.Apaizak, aldiz, esan zuen:—Jo dezagun lehenik Jainkoarengana.

37 Saulek kontsulta egin zion Jaunari:—Erasoko al diet filistearrei? Israeldarron esku utziko al dituzu?Baina Jainkoak ez zion deus ere erantzun egun hartan.

38 Saulek, orduan:—Zatozte hona buruzagi guztiak. Azter ezazue zertan egin dugun gaur bekatu.

39 Ala Jauna, Israelen Salbatzailea! Egin duenak, nire seme Jonatan bera bada ere, erremediorik gabe hil beharko du.Inork ere ez zion erantzun.

40 Orduan, Saulek esan zien israeldar guztiei:—Jar zaitezte zuek alde batean; nire seme Jonatan eta biok bestean jarriko gara.Jendeak ihardetsi zion:—Egizu egokien iruditzen zaizuna.

41 Saulek, orduan, esan zion Jaunari:—Israelen Jainko, ager iezaguzu egia osoa.Zotz egin eta Jonatan eta Saul izendatu zituen Jainkoak; herria, aldiz, libre atera zen.

42 Saulek, orduan:—Egin zotz, ni eta nire seme Jonatanen artean.Eta Jonatan atera zen errudun.

43 Saulek diotso Jonatani:—Esadazu zer egin duzun!Jonatanek erantzun:—Eskuan neraman makila-muturrean ezti pittin bat hartu nuen eta jan. Prest nago hiltzeko!

44 Saulek semeari:—Zigor nazala Jaunak gogor, hilarazten ez bazaitut, Jonatan.

45 Herriak, ordea, esan zion Sauli:—Hil beharra duela Jonatanek, Israeli halako garaipena ekarri ondoren? Inola ere ez! Ala Jauna! Buruko ile bat ere ez zaio eroriko lurrera. Jainkoaren laguntzaz egin du gaur egin duena.Honela libratu zuen herriak Jonatan heriotzatik.

46 Saul, berriz, filistearrei eraso gabe itzuli zen, eta filistearrek beren lurralderantz jo zuten.

Saulen erregealdiaz laburpena

47 Saul, Israelgo erregetza harturik, inguruetako etsai ororen kontra borrokatu zen: moabdar, amondar eta edomdarren kontra, Tzobako erregeen eta filistearren kontra. Nora jo, han nagusitzen zen.

48 Adoretsu jokatuz, menderatu zituen amalektarrak ere, Israel bere zapaltzaileengandik askatuz.

49 Hiru seme izan zituen Saulek: Jonatan, Ixbi eta Malki-Xua; baita bi alaba ere: Merab zaharrena eta Mikal gazteena.

50 Saulen emaztea Ahinoam zen, Ahimaatzen alaba. Gudarostearen buruzagia Abner, Saulen osaba Ner-en semea;

51 izan ere, Saulen aita Kix eta Abnerren aita Ner, biak Abielen seme ziren.

52 Saulen erregealdi osoan zehar izan ziren borroka gogorrak filistearren aurka. Saulek, gizon bulartsurik eta gudurako egokirik ikusten zuenean, berekin eraman ohi zuen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31