13 Samuelek ihardetsi zion Sauli:—Zorakeria ederra egin duzu! Ez duzu bete Jaunaren, zeure Jainkoaren, agindua; bete izan bazenu, betierean sendotuko zizun Jaunak Israel herrian zeure erregetza.
14 Aurkitu du, ordea, Jaunak bere gogoko beste gizon bat; horixe ezarriko du Jaunak bere herriaren buruzagi, zuk ez baituzu bete Jaunak agindutakoa.
15 Jaiki zen Samuel eta, Gilgaldik, Benjamingo Gibeara igo zen. Saulek zenbatu egin zituen berekin zituen gizonak: seiehunen bat gizon.
16 Saul, beronen seme Jonatan eta biekin zen jendea Benjamingo Gibean zeuden; filistearrak, berriz, Mikmasen, etxolatuak.
17 Filistearren kanpalekutik gudari-talde erasotzaile bat atera zen hiru sailetan: sail bat Ofrarako bidetik zihoan, Xual alderantz;
18 beste sail batek Bet-Horonerako bidea hartu zuen, eta hirugarrenak Tzeboim haran gainean dagoen mugarantz jo zuen, basamortu aldera.
19 Ez zen Israel osoan errementari bakar bat ere, honela esaten baitzuten filistearrek: «Ez da komeni hebrearrek ezpata eta lantzarik egin dezaten».