5 Filistearrak ere bilduak ziren Israel borrokatzeko: hiru mila guda-gurdi, sei mila zaldizko eta itsasertzeko hondarra bezainbat gudari. Igo eta Mikmasen ezarri zituzten guda-etxolak, Bet-Aben-en ekialdera.
6 Israeldarrak, beren buruak arriskuan ikusirik, larritu eta leize, hartzulo, haitzarte, babesleku eta putzu-zuloetan gorde ziren.
7 Hebrear batzuk Jordanez beste aldera igaro ziren, Gad eta Galaad lurraldeetara. Saulek, aldiz, Gilgalen jarraitu zuen, berarekin zen jende guztia beldur-ikaraz zegoelarik.
8 Samuelek erabaki bezala, zazpi egunez itxaron zuen; baina Samuel ez zen Gilgalera agertu eta jende guztia sakabanatzen hasi zitzaion Sauli.
9 Orduan, Saulek esan zuen:—Ekarzkidazue erre- eta elkartasun-oparigaiak.Eta erre-oparia eskaini zuen Saulek.
10 Erre-opariaren eskaintza bukatzen ari zelarik, Samuel azaldu zen. Saul bidera atera zitzaion, agurtzeko asmoz.
11 Samuelek, ordea, galdetu zion:—Zer egin duzu?Saulek erantzun:—Jendea sakabanatzen hasi zitzaidala eta erabakitako egunean zu ez zentozela ikusi eta filistearrak Mikmasen bilduak zeudela oharturik,