22 Efraimgo mendialdean gorderik zeuden israeldar guztiak ere, filistearrak ihesi zihoazela ohartzean, beretarrengana bildu ziren, filistearren ondoren erasoka joateko.
23 Bet-Abeneraino zabaldu zen gatazka. Egun hartan Israeli eman zion Jaunak garaipena.
24 Larri zeuden egun hartan israeldarrak, Saulek honelako zin-hitzez mehatxatu baitzuen jendea: «Madarikatua ilunabarra baino lehen, neure etsaiez mendeka nadin arte, zerbait jan dezana!» Hala, inork ez zuen deus ere jan.
25 Lurrean eztia barreiatua zegoen oihan batera heldu zen gizatalde osoa.
26 Baso hartara sartzean, ikusi zuten eztia zeriola; baina ez zuen inork ere eskua ahora eraman, zin-hitzaren beldurrez.
27 Jonatanek, ordea, ez zuen entzun bere aitak jendeari ezarritako zin-hitza. Luzatu zuen, beraz, eskuan zeraman makila-muturra eta, eztitan sarturik, ahora eraman zuen. Bat-batean begiak argitu zitzaizkion.
28 Orduan, gizonetariko batek esan zion:—Zuen aitak zin-hitzez behartu gaitu: «Madarikatua gaur zerbait jan dezana». Eta hori, akituak gaudelarik.