24 Saulek, orduan, Samueli:—Bekatu egin dut, bai; hautsi egin dut Jaunaren esana, baita zure hitza ere. Jendearen beldur nintzen eta haien esana aditu nuen.
25 Otoi, barka iezadazu bekatua, eta zatoz nirekin Jauna gurtzera.
26 Samuelek, ordea, Sauli:—Ez naiz joango zurekin, Jaunaren esana baztertu duzulako. Orain, Jaunak zu baztertzen zaitu; ez zara gehiago Israelen errege izango.
27 Itzuli zen Samuel alde egiteko asmoz; baina Saulek soingainekoaren ertzetik heldu eta puska bat kendu zion.
28 Samuelek esan zion:—Horrelaxe kendu dizu gaur Jaunak Israelen errege izatea, zu baino hobea izanen den beste bati emateko.
29 Ez du gezurrik esaten Israelen ospea denak, eta ez da damutuko, bera ez baita gizakumea, damutzen ibiltzeko.
30 Saulek, berriro:—Bekatu egin dut, bai. Baina, otoi, ohora nazazu buruzagien eta Israel herriaren aurrean. Zatoz nirekin; Jauna, zure Jainkoa, gurtu behar dut.