16 Filistear hura egunero, goiz eta arratsalde, hurbiltzen zitzaien israeldarrei eta aurrean jartzen, eta horrela berrogei egunez.
17 Jesek esan zion bere seme Davidi:—Har itzazu zaku bat gari xigortu eta hamar ogi hauek, eta eraman bizkor zeure anaiei kanpalekura.
18 Hamar gazta hauek mila gizonen buruzagiari eramango dizkiozu. Galdegizu anaiak ongi diren, eta eskura ezazu haien hartu-agiria.
19 Saul eta zure anaiak eta israeldar guztiak Terebinto haranean daude filistearren aurka borrokan.
20 Jaiki zen goizean goiz David, utzi zuen artaldea zaintzailearen ardurapean eta, zama harturik, abiatu zen, Jesek agindu bezala. Kanpalekura heldu zenean, gudarostea borrokara ateratzen ari zen, guda-deiadarrak eginez.
21 Israeldarrak eta filistearrak aurrez aurre jarri ziren lerroka.
22 David, ekarri zituen zamak tresneri zaintzaileen esku utzirik, gudalekuraino joan zen bizkor, eta ongi ziren galdetu zien anaiei.