22 David, ekarri zituen zamak tresneri zaintzaileen esku utzirik, gudalekuraino joan zen bizkor, eta ongi ziren galdetu zien anaiei.
23 Haiekin hizketan ari zelarik, han agertu zen filistearren lerro artetik Goliat izeneko gizon adoretsu hura, Gateko filistearra, lehengo erronka bera eginez. Davidek entzun egin zion.
24 Israeldar guztiek, gizon hura ikustean, ihes egin zuten haren aurretik, arras izuturik.
25 Israeldar batek zioen:—Ikusten al duzue hor gora datorren gizon hori? Israeli erronka eginez dator. Gizon hori hilko duenari ondasun franko emango dio erregeak, bere alaba ere bai. Zergak ordaintzetik ere libratuko du halakoaren etxea Israelen.
26 Davidek, orduan, galdetu zien bere inguruan zituen gudariei:—Zer egingo diotela filistear hori hil eta Israelen lotsa kenduko duenari? Nor da, baina, filistear jentil arrotz hori, Jainko biziaren gudarosteari gaur erronka egiteko?
27 Jendeak gauza bera erantzun zion:—Hau eta hau egingo diote hori hilko duenari.
28 Aditu zuen Eliab anaia zaharrenak David gizonekin hizketan ari zela eta, biziki haserreturik, esan zion:—Zertara etorri haiz? Nori utzi diok gure artalde koxkorra basamortuan? Bazekiat harroa haizena eta asmo txarrak dituana. Borroka ikustera etorri haiz hi!