29 Davidek ihardetsi zion:—Zer egin dut, bada? Hizketan ari nintzen, besterik ez.
30 Aldendu zen David eta beste batengana jo zuen, lehengo galdera bera eginez. Jendeak lehengo erantzun bera eman zion.
31 Davidek esandako hitzak aditu zituztelarik, Sauli jakinarazi zioten. Saulek etorrarazi
32 eta Davidek esan zion Sauli:—Ez bedi inor kikildu gizon horrengatik. Neu, zure zerbitzari hau, joango naiz filistear hori borrokatzera.
33 Saulek Davidi:—Ezin izango haiz joan filistear hori borrokatzera. Mutil koskor bat baino ez haiz hi; hori, berriz, gaztetandik duk gudari.
34 Davidek Sauli:—Nik, zure zerbitzari honek, gure aitaren artaldea zaintzen nuenean, lehoi nahiz hartzen batek etorri eta artaldetik ardiren bat harrapatzen zidanean,
35 ondoren joaten nintzaion, jo eta hagin artetik kentzen nion. Eta erasotzen bazidan, kokospeko bizarretatik heldu eta joka akabatzen nuen.