4 Soinean zeraman soingainekoa erantzi eta Davidi eman zion Jonatanek, baita bere jantziak ere; ezpata, uztaia eta gerrikoa ere bai.
5 Saulek bidaltzen zuen guda-irtenaldi guztietan ongi ateratzen zen David; horregatik, Saulek gudalburu egin zuen. Jende guztiak ontzat hartu zuen hori, baita Saulen zerbitzariek ere.
6 Davidek Goliat filistearra hil ondoren, gudutik zetozelarik, Israelgo herrixka guztietatik bidera atera zitzaizkion emakumeak Saul erregeari, bozkarioz kantari eta dantzari, danbolinak eta txilinak joz.
7 Emakumeek, alai dantzatuz, honela kantatzen zuten, batzuek besteei erantzunez:«Saulek mila hil,Davidek hamar mila!»
8 Saulek ez zuen kopla hori pozez entzun. Biziki haserretu zen, eta honela zioen: «Hamar mila Davidi eta mila niri! Erregetza besterik ez du falta!»
9 Handik aurrera begitan hartu zuen Saulek David.
10 Biharamunean, Jainkoak bidalitako espiritu gaiztoak jo zuen Saul, eta han zebilen eroa bezala bere etxe osoan barrena; David zitara jotzen ari zitzaion, egunero bezala. Saulek, ordea, eskuan zerabilen lantza