1 Davidek ihes egin zuen Ramako Naiotetik ere, eta Jonatanengana jo zuen hitz egitera:—Zer egin dut? Zein gaitz, zein bekatu egin diot zuen aitari, ni hil nahian ibiltzeko?
2 Jonatanek erantzun:—Ez horixe, ez zara hilko! Gure aitak ez du egiten deus ere, ez handirik, ez txikirik, aurrez niri adierazi gabe. Horixe ezkutatuko ote dit, hain zuzen, aitak? Ezinezkoa da.
3 Davidek zin ere egin zuen, esanez:—Ongi daki zuen aitak begiko nauzula. Hau esango zuen bere baitan: «Ez dezala jakin honetaz deus ere Jonatanek, atsekabe ez dadin». Hara, Jauna bizi dela eta zu bizi zarela bezain egia da, heriotzaren eta nire artean pauso bat baizik ez dagoela.
4 Jonatanek, orduan, Davidi:—Zuk esana egingo dut zure alde!