1 Zifekoak Gibeara etorri ziren Saulengana, esatera: «Ez al dakizu David Hakila mendixkan, basamortu-ertzean, dagoela gordea?»
2 Saul Zif basamortura jaitsi zen, orduan, Israelgo hiru mila gizon aukeratu berekin zituela, Daviden bila.
3 Saulek Hakila mendixkan, basamortu-ertzean, bide ondoan ezarri zituen oihal-etxolak. Basamortu hartan zebilen David eta, Saul beraren bila zetorrela entzutean,
4 ikertzaileak bidali zituen, Saulen etorrera ziurtatzera.
5 Orduan, jaiki eta Saul etxolatua zegoen tokira heldu zen David, eta ikusi zuen non zeuden etzanik Saul eta Abner, Ner-en semea, gudarostearen buruzagia. Saul kanpalekuaren erdian zegoen etzana eta gainerako jendea haren inguruan zegoen etxolatua.
6 Davidek esan zien Ahimelek hititari eta Joaben anaia Tzeruiaren seme Abixairi:—Nor dator nirekin kanpalekura, Saulengana.—Neu noa zurekin —erantzun zion Abixaik.