8 Hartzazue gero Jaunaren kutxa eta ezarri gurdian. Ordain-oparitzat emateko eginen dituzuen urrezko irudiak sartu kutxatila batean eta ipini Jaunaren kutxaren ondoan. Utzi orduan gurdiari joaten.
9 Baina egon begira: bere herrirantz, Bet-Xemexerantz, jotzen badu, bera da halako kalte handia egin diguna; bestela, berriz, jakinen dugu, ez gaituela Jaunaren eskuak ukitu, halabeharrez gertatu zaigula baizik.
10 Halaxe egin zuten: txahalak hazten ari ziren bi behi hartu, uztartu eta gurdian lotu zituzten; txahalak, berriz, ukuiluan utzi zituzten.
11 Ezarri zuten, gero, Jainkoaren kutxa gurdi gainean eta urrezko arratoi eta erlakiztenen irudiak zeuzkan kutxatila ere bai.
12 Behiek Bet-Xemexerako bidetik jo zuten zuzen-zuzen. Aurrera zihoazen bidez bide, marrumaka, ez ezkerrera, ez eskuinera saihestu gabe. Filistearren buruzagiek Bet-Xemexeko mugaraino jarraitu zieten.
13 Bet-Xemexeko jendea garia igitatzen ari zen haranean; begiak jaso eta kutxa ikustean, biziki poztu ziren.
14 Gurdia, Bet-Xemexeko Josueren alorrera heldu zenean, gelditu egin zen. Bazen han harri handi bat; puskatu zuten gurdia egurra egiteko, eta behiak egurraren gainean jarri zituzten, Jaunari erre-oparia eskaintzeko.