1 Senideok, Espirituaren dohainei buruz zuek ezjakinean jarraitzerik ez dut nahi.
2 Badakizue, oraindik jentil zinetenean, sasijainko mutuetara jotzen zenutela itsu-itsuan.
3 Horregatik jakinarazten dizuet, inork ere ez duela esaten «Madarikatua Jesus» Jainkoaren Espirituak eraginda; eta inork ezin duela esan «Jesus da Jauna» Espiritu Santuak eraginik ez bada.
4 Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra;
5 era askotakoak zerbitzuak, baina Jauna bat bakarra;
6 era askotakoak egintzak, baina Jainkoa bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena.
7 Era ezberdinean azaltzen da bakoitzarengan Jainkoak ematen duen Espiritua, baina beti denen onerako.
8 Honela, bati jakinduriaz hitz egitea ematen dio Jainkoak Espirituaren bidez; beste bati, Espiritu beraren arabera, ezagueraz hitz egitea;
9 bati, Espirituaren egitez, sinesmen-dohaina ematen dio; beste bati, sendaketak egiteko dohaina;
10 bati, mirariak egiteko ahalmena; beste bati, Jainkoaren izenean hitz egitea; bati, espiritu faltsua eta benetakoa bereiztea; besteari, hizketa arrotzez mintzatzea, eta beste bati, hizketa horren esanahia adieraztea.
11 Hori guztia, ordea, Espiritu bat berak egiten du, bere dohainak nahi duen bezala bakoitzari emanez.
12 Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu, baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere.
13 Gu guztiok, judu nahiz jentil, esklabo nahiz libre, Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko, eta guztioi Espiritu bat bera isuri zaigu.
14 Gorputza, izan ere, ez du atal bakarrak osatzen, askok baizik.
15 Oinak «Eskua ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko.
16 Eta belarriak «Begia ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko.
17 Gorputz guztia begi balitz, non entzumena? Eta dena belarri balitz, non usaimena?
18 Baina Jainkoak bere tokia jarri zion atal bakoitzari gorputzean, berak nahi bezala.
19 Denak atal bat balira, zer-nolakoa izango litzateke gorputz hori?
20 Baina ez, atalak asko dira; gorputza, ordea, bat bakarra.
21 Begiak ez diezaioke eskuari esan: «Ez dut zure beharrik»; ezta buruak ere oinei: «Ez dut zuen beharrik».
22 Aitzitik, makalenak iruditzen zaizkigun gorputz-atalak beharrezkoenak dira;
23 eta duintasunik gutxieneko iruditzen zaizkigunak, itzal eta begirune handienaz inguratzen eta zaintzen ditugu.
24 Izan ere, berez ohoragarri direnek ez dute arreta horien beharrik. Jainkoak berak, gorputza eratzean, berez ohore gabeko ziren atalei ohorerik handiena eman zien.
25 Horrela, gorputzean zatiketarik ez dago eta atal guztiak bata besteaz arduratzen dira.
26 Honela, atal batek min duenean, min dute atal guztiek berarekin; eta atal bat onetsia denean, poza dute beste guztiek berarekin.
27 Zuek Kristoren gorputz zarete, eta zuetako bakoitza gorputz horren atal.
28 Eliz elkartean bakoitzari bere tokia ezarri dio Jainkoak: lehenengo apostoluak, bigarren profetak, hirugarren irakasleak; ondoren, mirarigileak datoz; gero, sendatzeko edo behartsuei laguntzeko, elkartea gidatzeko edo hizketa arrotzez mintzatzeko dohaina dutenak.
29 Guztiak apostolu ote dira? Guztiak profeta? Guztiak irakasle? Guztiak mirarigile?
30 Guztiek ote dute sendatzeko dohaina? Guztiak mintzo ote dira hizketa arrotzez? Guztiak ote dira hizketa arrotzen interpretatzaile?
31 Dena dela, irrika itzazue dohainik onenak.Orain biderik bikainena adierazi nahi dizuet.