1 Korintoarrei 8 EABD

SASIJAINKOEI ESKAINIRIKO HARAGIA (8,1—11,1)

Janariak eta kristau-askatasuna

1 Sasijainkoei eskainitako haragiaz, denok dakigu, noski, jakin behar dena. Baina jakiteak harrotu egiten du; maitasunak bakarrik hazarazten du fedean.

2 Zerbait dakielakoan dagoenak , oraindik ez du behar bezalako ezagutzarik;

3 Jainkoa maite duena, ordea, begi onez hartzen du berak.

4 Beraz, zer esan sasijainkoei eskainitako haragia jateaz? Badakigu sasijainkoak ez direla ezer ere munduan eta Jainkoa bat besterik ez dela.

5 Jainko deituak zeruan nahiz lurrean asko izan arren —eta benetan horrelako jainko eta jaun asko dago—,

6 guretzat Jainkoa bat bakarra da, Aita, gauza guztien sorburu eta helburu dena, eta bat bakarra Jauna, Jesu Kristo: beronen bidez baitira gauza guztiak eta beronen bidez baikara gu ere.

7 Baina ez dute guztiek hau behar bezala ulertzen. Batzuek, oraintsu arte idolatrian ibiliak, haragi hori sasijainkoei eskainia balitz bezala jaten dute eta, beraien kontzientzia ongi hezigabea denez, errudun bihurtzen dira.

8 Ez gaitu, noski, janariak Jainkoarentzat atsegin egiten: ez dugu ezer galtzen ez jateagatik, ezta irabazten ere jateagatik.

9 Baina izan kontu, zuen askatasun hori kontzientzia hezigabekoentzat behaztopagarri gerta ez dadin.

10 Izan ere, kontzientzia hezigabeko batek zu, gauzak behar bezala ulertzen dituzun hori, sasijainkoen jauretxeko otorduetan parte hartzen ikusten bazaitu, ez ote da sasijainkoei eskainitako haragia jatera bultzatua sentituko, jokabide hori beraren hezigabeko kontzientziaren kontrakoa izanda ere?

11 Horrela, gauzak ongi ulertzen omen dituzun horrek galdu egingo zenuke kontzientzi hezigabeko zeure senidea, harengatik ere Kristo hila izan den arren.

12 Senideen aurka bekatu eginez eta beraien kontzientzia hezigabeari kalte eginez, Kristoren aurka egiten duzue bekatu.

13 Beraz, nire senideari janariren bat jatea erorbide gertatzen bazaio, ez dut inoiz haragirik jango, nire senidea erorbidean ez jartzeko.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16