1 Korintoarrei 14 EABD

Hizketa arrotzak eta profezia

1 Saia zaitezte, beraz, elkarrenganako maitasunean. Espirituaren dohainei dagokienez, irrika ezazue batez ere profezi dohaina.

2 Izan ere, hizketa arrotzez mintzo dena, Jainkoari mintzo zaio, ez gizakiei, inork ez baitio ulertzen: Espirituak eraginda, gauza misteriotsuak esaten ditu.

3 Profeta bezala mintzo dena, berriz, gizakiei mintzo zaie: fedean hazten laguntzen die, adoretu eta kontsolatu egiten ditu.

4 Hizketa arrotzez mintzo dena, bere buruari bakarrik zaio lagungarri; profeta bezala mintzo denak, berriz, eliz elkartea hazarazten du.

5 Nahi nuke zuek guztiok hizketa arrotzez mintzatzea; baina are nahiago profeta bezala mintzatzea. Zeren, eliz elkartea hazarazteko, hobe baita profeta bezala mintzatzea hizketa arrotzez mintzatzea baino, hizketa horren esanahia ere argitzen ez badu behintzat.

6 Begira, senideok: hizketa arrotzez hitz eginez aurkeztuko banintzaizue, zer on ekarriko lizueke horrek, nire hitzak ez balizue emango agerpenik, ez ezaguerarik, ez Jainkoarengandiko mezurik, ezta irakaspenik ere?

7 Gauza bera gertatzen da musika-tresnekin ere, txirula edota zitararekin, adibidez: notak argi eta garbi ematen ez badituzte, nola jakin zer jotzen duten?

8 Edota turutak soinu nahasia jotzen badu, nor prestatuko da gudurako?

9 Berdin zuek ere: hitz ulergarriak ez badituzue adierazten, nola jakin zer ari zareten esaten? Paretari hitz egiten ariko zinatekete.

10 Hainbeste eta hainbeste hizkuntza bada munduan eta denek dute zentzua.

11 Baina nik ez dakidan hizkuntzan mintzatzen bazait norbait, ni arrotz izango natzaio hari eta hura niri.

12 Horrela bada, Espirituaren dohainak irrikatzen dituzuenez gero, saia zaitezte dohainok ugari izaten, baina eliz elkarteari hazten laguntzeko.

13 Hizketa arrotzez mintzo denak, beraz, eska biezaio Jainkoari esaten duena argitzeko dohaina ere.

14 Hizketa arrotzez otoitz egiten badut, nire espiritua otoitzean ari da, bai, baina adimena fruiturik gabe gelditzen da.

15 Zer egin, bada? Espirituaren eraginez otoitz egin bai, baina adimenaz ere bai; Espirituaren eraginez Jaunari abestu bai, baina adimenaz ere bai.

16 Esker oneko otoitza Espirituaren eraginez bakarrik egiten baduzu, dohain hori ez duen entzule hutsak nola erantzungo dio «Amen» zure esker oneko otoitzari, zer diozun ulertzen ez badu?

17 Ederra izango da, bai, zure esker oneko otoitza, baina besteari ez zaio lagungarri gertatuko.

18 Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari, hizketa arrotzez zuek baino gehiago mintza naitekeelako.

19 Hala ere, elkartea bildurik dagoenean, nahiago dut besteentzat irakasgarri izango diren bost hitz ulergarri esan, hizkera ulertezinean hamar mila baino.

20 Senideok, ez izan haurren antzeko zeuen irizpideetan; gaitzerako bai, izan zaitezte haur; baina irizpideetan izan zaitezte pertsona helduak.

21 Honela dio Jaunak Liburu Santuan: Hizkuntza arrotzez, atzerritarren bidez hitz egingo diot herri honi; baina, hala ere, ez didate adituko.

22 Hizketa arrotzez mintzatzea, beraz, sinesgogorrentzat da seinale, ez sinestedunentzat; profeta bezala hitz egitea, berriz, ez da sinesgogorrentzat, sinestedunentzat baizik.

23 Eman dezagun, eliz elkarte osoa bildurik dagoela eta denak hizketa arrotzez mintzatzen hasten direla; entzule huts den edo kristau ez den bat sartzen bada, ez ote du esango burutik eginak zaudetela?

24 Guztiak profeta bezala mintzo badira, ordea, eta entzule huts den edota kristau ez den bat sartzen bada, bere erruak aitortzera eramango dute denen artean,

25 eta beraren bihotzeko ezkutukoak agerian geldituko dira. Orduan, ahuspeztu eta Jainkoa gurtu egingo du, eta esango: «Jainkoa benetan zuekin dago».

Bileretan nahasmenik ez

26 Zer egin, bada, senideok? Biltzen zaretenean, batek kantua egin dezala, besteak irakatsi edota goi-agerpen bat eman, hizketa arrotzez mintzatu edota mintzaira hori argitu; baina guztia elkarteari hazten laguntzeko izan dadila.

27 Hizketa arrotzez mintzatzekotan, bi izan daitezela edo hiru gehienez mintzo direnak, eta txandaka; eta argi dezala beste batek esanahia.

28 Esanahia argitzeko inor ez bada, hizketa arroztuna isil dadila batzarrean, eta Jainkoarekin eta bere buruarekin bakarrik mintza dadila.

29 Profeta bezala mintzo direnei dagokienez, mintza daitezela bi edo hiru, eta gainerakoek eman dezatela beren iritzia.

30 Hala ere, eseria dagoenen batek goi-agerpen bat hartuko balu, isil dadila hitz egiten ari dena.

31 Profeta bezala denok hitz egin dezakezue, baina banan-banan, entzuleek irakaspena eta adorea har ditzaten.

32 Profetek beren kontrolpean eduki behar dute profezi espiritua,

33 Jainkoak bakea maite baitu eta ez nahasmendua.Fededunen elkarte guztietan bezala,

34 emakumeei ez zaie zilegi batzarrean hitz egitea; beude isilik, beraz, eta ager bitez menpeko, Moisesen legeak agintzen duen bezala.

35 Argibiderik nahi balute, galde biezaiete etxean beren senarrei, ez baita egoki emakumeek batzarrean hitz egitea.

36 Zer uste duzue? Zuenetik abiatu zela Jainkoaren hitza? Edota zuenera bakarrik heldu dela?

37 Norbaitek profeta dela edo Jainkoaren Espiritua duela uste badu, aitor dezala idazten dudan hau Jaunaren agindua dela.

38 Eta hala aitortzen ez badu, bera ere ez du aitortuko Jainkoak.

39 Beraz, ene senideok, irrika ezazue profezi dohaina, baina hizketa arrotzez mintzatzea galarazi gabe.

40 Dena den, egin guztia duintasunez eta ordenaz.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16