19 Hala ere, elkartea bildurik dagoenean, nahiago dut besteentzat irakasgarri izango diren bost hitz ulergarri esan, hizkera ulertezinean hamar mila baino.
20 Senideok, ez izan haurren antzeko zeuen irizpideetan; gaitzerako bai, izan zaitezte haur; baina irizpideetan izan zaitezte pertsona helduak.
21 Honela dio Jaunak Liburu Santuan: Hizkuntza arrotzez, atzerritarren bidez hitz egingo diot herri honi; baina, hala ere, ez didate adituko.
22 Hizketa arrotzez mintzatzea, beraz, sinesgogorrentzat da seinale, ez sinestedunentzat; profeta bezala hitz egitea, berriz, ez da sinesgogorrentzat, sinestedunentzat baizik.
23 Eman dezagun, eliz elkarte osoa bildurik dagoela eta denak hizketa arrotzez mintzatzen hasten direla; entzule huts den edo kristau ez den bat sartzen bada, ez ote du esango burutik eginak zaudetela?
24 Guztiak profeta bezala mintzo badira, ordea, eta entzule huts den edota kristau ez den bat sartzen bada, bere erruak aitortzera eramango dute denen artean,
25 eta beraren bihotzeko ezkutukoak agerian geldituko dira. Orduan, ahuspeztu eta Jainkoa gurtu egingo du, eta esango: «Jainkoa benetan zuekin dago».