15 Baina nik ez dut eskubide horretaz baliatu nahi izan; eta orain ere, hau idazten badizuet, ez da hori lortu nahi dudalako. Nahiago nuke hil… Ez, ez dit inork harrotzeko bide hori kenduko.
16 Egiaz, berri ona hots egiten dudala-eta ezin naiz harrotu; ezinbesteko eginbehartzat jotzen baitut hori, eta errukarria ni, berri ona hots egingo ez banu!
17 Hori neure gogoz egingo banu, mereziko nuke saria; baina nik nahi gabe beste batek ezarritako eginkizuna betetzen ari banaiz,
18 zer sari zor zait orduan? Hauxe besterik ez: berri ona dohainik hots egitea, berri onaren zerbitzutik datozkidan eskubideez baliatu gabe.
19 Guztiz libre naizen arren, guztien esklabo egin naiz, ahalik jende gehien Kristorentzat irabazteko.
20 Juduekin judu egin naiz, juduak irabazteko; Moisesen legepean bizi direnekin legepeko egin naiz, nahiz eta neu lege horren menpeko ez izan, legepean bizi direnak irabazteko.
21 Moisesen legea ezagutzen ez dutenekin, legea kontuan hartu gabe bizi izan naiz, legea ezagutzen ez dutenak irabazteko; ez, noski, Jainkoaren legerik onartzen ez dudalako, nire legea Kristo baita.