2 Timoteori

Kapituluak 1

Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Agurra

1Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Kristo Jesusen bidez agindu zaigun bizia iragartzeko Jesu Kristoren apostolu naizen honek, 2zuri idazten dizut, ene seme maite Timoteo. Jainko Aitak eta Kristo Jesus gure Jaunak eman biezazkizute grazia, errukia eta bakea.

Jainkoari eskerrak

3Eskerrak ematen dizkiot arbasoen irakatsiei jarraituz bihotz garbiz zerbitzatzen dudan Jainkoari, eta gogoan zaitut etengabe, gau eta egun, neure otoitzetan. 4Zure malkoez oroitzean, zu ikusteko irrikaz nago, pozez bete nadin. 5Izan ere, gogoan dut zuk duzun zinezko fedea, lehenik Loide zure amonak eta Eunize zure amak izan zuten fede bera; ziur nago zuk ere badaukazula.

Ebanjelioarekiko leial

6Horregatik gogorarazten dizut indarberri dezazula nik eskuak ezartzean Jainkoak eman zizun dohaina, 7Jainkoak ez baitigu beldurti egiten gaituen espiritua eman, indarra eta maitasuna ematen eta geure buruaren jabe egiten gaituen espiritua baizik. 8Ez izan, bada, gure Jauna aitortzeko lotsarik; ez lotsatu nitaz ere, harengatik kartzelan dagoen honetaz; bestela baizik, Jainkoaren indarraz fidaturik, sufri ezazu nirekin batera berri onaren alde. 9Jainkoak salbatu gintuen eta bere herri santu izatera dei egin zigun, ez gure egintzengatik, berak hala erabakia zuelako baizik, eta mende guztiak baino lehen Kristo Jesusengan onginahiz maite izan gaituelako. 10Onginahi hau orain agertu da, Kristo Jesus gure Salbatzailea munduan agertzean; honek heriotza ezereztu du eta biziaren eta hilezkortasunaren argia zabaldu, berri onaren bidez. 11Berri on horren oihulari, apostolu eta irakasle egin nau Jainkoak. 12Hori da nire sufrimenduen arrazoia; baina ez naiz lotsatzen, badakit-eta nortaz fidatu naizen, eta ziur nago baduela hark indarrik nire esku utzi duen fede-gordailua azken eguna arte zaintzeko. 13Har itzazu jarraibidetzat Kristo Jesusengan oinarritzen diren sinesmen eta maitasunari buruz niregandik entzun dituzun hitz osasungarriak. 14Zaindu gordailu eder hau, guregan bizi den Espiritu Santuaren indarraz. 15Badakizu Asia probintziako guztiek utzi egin nindutela, hauen artean Figelok eta Hermogenesek. 16Errukiz har ditzala Jaunak Onesiforo eta beronen etxekoak, askotan indarberritu bainau honek eta ez da nire kateez lotsatu; 17bestela baizik, Erroman izan zenean, nire bila ibili zen arretaz, aurkitu ninduen arte. 18Eman biezaio Jaunak auzi-egunean bere errukia iristea. Eta inork baino hobeto dakizu zenbateko laguntza eman zidan Efeson ere.

Kapituluak