2 Timoteori 3 EABD

Azken egunetako jendea nolakoa

1 Jakin behar duzu azken egunetan une latzak izango direla.

2 Izan ere, gizakiak berekoi, diruzale, harro eta handiputz izango dira; biraolari, gurasoentzat errebelde, esker txarreko eta erlijioaren aurkako;

3 bihotz-gogor, anker, gaizki-esale, lizun, basati eta onaren etsai;

4 traidore, ausartegi eta itsu, Jainkoaren baino atseginen maitaleago.

5 Itxuraz erlijiozale agertuko dira, baina ukatu egingo dute erlijioaren benetako indarra. Alde egizu horrelakoengandik!

6-7 Horien artean badira batzuk, etxeetan sarturik, bekatuz beteak eta era askotako grina txarren menpe dauden emakume kaskarinak liluratzen dituztenak; emakume horiek jakin-minez daude beti, baina ez dira inoiz egiaren ezagutzara iristeko gauza.

8 Janes eta Jambres aztiak Moisesen aurka jarri ziren bezalaxe, liluratzaile hauek ere, buru usteleko jendea eta sinesmenean porrot egina baita, egiaren aurka jartzen dira.

9 Baina ez dira urrutira helduko, argi ikusiko baitute denek horien zentzugabekeria, antzinako aztiekin gertatu zen bezala.

Tinko iraun

10 Zuk, ordea, hurbiletik jarraitu diezu nire irakaspen eta bizierari; zeure egin dituzu nire asmo, sinesmen eta pazientzia, nire maitasun eta eroapena,

11 Antiokian, Ikonion eta Listran jasan behar izan nituen bezalako erasoaldi eta sufrimenduak. Nolako erasoaldiak jasan ditudan, eta guztietatik atera nau Jaunak!

12 Era berean, Kristo Jesusen jarraitzaile zintzo bezala bizi nahi duten guztiek ere izango dituzte, bai, erasoaldiak.

13 Gizaki gaizto eta gezurtiak, berriz, gero eta okerrago ibiliko dira, besteak eta beren buruak engainatuz.

14 Zuk, ordea, iraun ezazu tinko ikasi eta egiatzat onartu duzun guztian; hartu gogoan norengandik ikasia duzun

15 eta Liburu Santuak umetandik ezagunak dituzula. Liburu Santuek emango dizute Kristo Jesusenganako sinesmenaren bidez salbamenera daraman jakinduria.

16 Liburu Santuetan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da eta irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria;

17 horrela, Jainkoaren gizona guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest.

Kapituluak

1 2 3 4