2 Timoteori
Kapituluak 2
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Jesu Kristoren soldadu ona
1Zu, beraz, ene seme, sendo zaitez Kristo Jesusengandik hartutako dohainaz.
2Testigu askoren aurrean niri entzun zenidana, aholkatu zeuk, besteei ere irakasteko gai izango diren gizon fidagarriei.
3Hartzazu parte nirekin sufrimenduetan, Kristo Jesusen soldadu onari dagokionez.
4Soldadutzan dagoena ez da bizitza zibileko gorabeheretan nahasten, soldadutzara deitu duenari atsegin eman nahi badio.
5Atletari ere ez diote saririk ematen, jokoaren legeen arabera lehiatzen ez bada.
6Lanean ahalegindu den nekazariak behar du izan lehena uzta-biltzean.
7Hartu gogoan esaten dizudana: Jaunak ulertaraziko dizu guztia.
8Gogoan izan Jesu Kristo, Daviden jatorritik sortua, hildakoen artetik piztua. Hau da nik irakasten dudan berri ona,
9eta honengatik nago neketan, gaizkile bezala katez lotua; baina Jainkoaren hitza ez dago katez lotua.
10Horregatik, dena jasaten dut Jainkoak aukeratu dituenen onerako, horiek ere guk Kristo Jesusengan dugun salbamena eta betiko aintza irits ditzaten.
11Sinesgarria da doktrina hau:Harekin hiltzen bagara,harekin biziko gara;
12harekin sufritzen badugu,harekin izango gara errege;ukatzen badugu,hark ere ukatu egingo gaitu;
13gu leialak ez bagara ere,hark leial dirau,ez baitezake bere burua uka.
Langile frogatua
14Gogora iezaiezu hau eta eskatu, arren, Jainkoaren izenean, ez daitezela hitzei buruzko eztabaidatan nahas, hori ez baita on ezertarako, entzuten dituztenen hondamendirako baino.
15Saia zaitez Jainkoaren aurrean onesgarri agertzen, zertan lotsaturik ez duen langilea bezala, egiaren mezua zuzen irakasten duena bezala.
16Utz itzazu berriketa hutsalak, horietara emanak gero eta gehiago aldentzen baitira benetako erlijiotik.
17Horrelakoen irakatsia minbizia bezala hedatzen da; horietakoak dira Himeneo eta Fileto.
18Egiatik okertu egin dira, piztuera jadanik gertatu dela baitiote, horrela batzuen sinesmena galbidean jarriz.
19Hala ere, Jainkoak ezarritako oinarri sendoak tinko dirau eta idazkun hau darama: Ezagutzen ditu Jaunak bereak dituenak, eta «Ihes egin beza gaiztakeriatik Jainkoaren izenari dei egiten dionak».
20Etxe handi batean ez dira izaten urrezko eta zilarrezko ontziak bakarrik, baita zurezkoak eta buztinezkoak ere; batzuk baliotsuak dira, beste batzuk, berriz, arruntak.
21Beraz, bere burua gauza horietatik garbi gordetzen duena ontzi baliotsua izango da, Jainkoarentzat sagaratua, Jaunarentzat baliagarria eta edozein eginkizun onetarako aproposa.
22Egin ihes gaztaroko grinetatik, eta saia zaitez justizian, sinesmenean, maitasunean eta bakean, Jaunari bihotz garbiz dei egiten diotenekin batera.
23Alde egizu eztabaida zoro eta zentzugabeetatik, badakizu-eta horiek sesioak sortzen dituztela.
24Jaunaren zerbitzariak, ordea, ez du sesiotan ibili behar, baizik eta bihozbera izan guztientzat, irakasteko trebe, jasankor,
25aurka jartzen direnak gozotasunez zentzatzen dakiena. Nork daki Jainkoak ez ote dien bihozberritzea emango, egia ezagut dezaten,
26eta ez ote duten ihes egingo bere nahira makurtuak dituen deabruaren sareetatik?