1 Hortan, hil zen amondarren erregea eta honen seme Hanun gertatu zen ondorengo errege.
2 Honela zioen Davidek: «Har dezadan Nahaxen seme Hanun, beronen aitak ni hartu ninduen bezain ongi». Davidek mandatariak igorri zizkion aitaren heriotzagatik doluminak ematera. Mandatariak amondarren lurraldera heldu zirenean, ordea,
3 honela esan zioten amondarren buruzagiek Hanuni, beren jaunari:—Davidek mandatariok zuen aita ohoratzeko bidali dizkizula uste al duzu? Ez ote dizkizu bidali hiria azter eta iker dezaten, gero hondatzeko asmoz?
4 Atzeman zituen, orduan, Hanunek Daviden mandatariak eta alderdi bateko bizarra moztu zien, baita jantziak ere erditik behera, ipurmasailetatik behera. Eta joaten utzi zien.
5 Davidek, horren berri eman ziotenean, bere mandatari haien bila bidali zituen batzuk, oso lotsaturik baitzetozen. Esan zien erregeak:—Geldi zaitezte Jerikon, bizarra hazi arte. Orduan itzuliko zarete.
6 Amondarrak ohartu ziren gorrotagarri egin zirela Davidentzat. Horregatik, Bet-Rehob eta Tzobako aramearren artean hogei mila oinezko, Maakako erregearen mila gizon eta Tob-eko beste hamabi mila gizon hartu zituzten sari-truke.
7 Davidek, hori jakin zuelarik, Joab bidali zuen bere gudaroste adoretsuarekin.