2 Samuel 16 EABD

David eta Tziba

1 Davidek mendi-gailurra igaro zueneko, Tziba, Mefi-Boxeten morroia, atera zitzaion bidera. Berekin zekartzan bi asto txalmaturik eta berrehun ogiz, ehun mahaspasa-mordoz, garaiko ehun fruitu-multzoz eta ardo-zahagi batez zamaturik.

2 Erregeak esan zion Tzibari:—Zertarako dituzu hauek?Tzibak erantzun:—Astoak, erregearen etxekoak gainean jar daitezen; ogiak eta garaiko fruituak, zure morroiek jan dezaten; ardoa, berriz, basamortuan nekatzen direnek edan dezaten.

3 Erregeak galdetu zion:—Non da zure jaunaren biloba Mefi-Boxet?Tzibak erregeari:—Jerusalemen gelditu da. Orain israeldarrek bere aitonaren erreinua itzuliko diotela uste baitu.

4 Erregeak Tzibari:—Horra bada, gaurdanik zeureak dituzu Mefi-Boxeten ondasunak oro.Tzibak, ahuspezturik, esan zuen:—Eskerrik asko, ene errege jauna, mesede horrengatik!

Ximeik David madarikatu

5 Heldu zen David Bahurim zeritzan hiriraino. Ximei izeneko gizon bat, Gera-ren semea eta Saulen senitartekoa, atera zitzaion madarikazioka,

6 David erregearen eta beronen zerbitzari guztien kontra harriak jaurtiz. Gudariak eta jende guztia erregearen ezker-eskuin jarri ziren.

7 Ximeik honela zioen, erregea madarikatuz:—Alde, alde hemendik, odolzale eta maltzur-gaizto hori!

8 Saulen etxean isuri zenuen odol guztiaren ordaina eman dizu Jaunak! Erregetza kendu zenion, orain Jaunak zure seme Absalomi eman dio erregetza. Gaiztakeria hutsa zara, hiltzaile hori!

9 Tzeruiaren seme Abixaik esan zion erregeari:—Horrela madarikatu behar ote du zakur galdu horrek ene errege jauna? Uztazu joaten, eta lepoa moztuko diot.

10 Erregeak, aldiz:—Hau ez da zuen arazoa, Tzeruiaren semeok. David madarikatzeko Jaunak agindu badio, nor ausartu «Zergatik ari haiz horrela» esatera?

11 Orduan, Davidek esan zien Abixairi eta bere zerbitzari guztiei:—Nire erraietatik ateratako semea ni hil nahian badabil, ez da harritzekoa benjamindar hori horrela ari izatea. Utziozue madarika nazan, Jaunak aginduko baitzion hori.

12 Beharbada, Jaunak nire atsekabea ikusirik, ongia ekarriko dit, gaurko madarikazioaren ordain.

13 David bere lagunekin bidez bide zihoalarik, Ximei ere hurbiletik zihoan mendi-maldan barna, madarikatuz, hurbiletik harriak jaurtiz eta hautsa harrotuz.

14 Erregea eta beronen jende guztia nekaturik heldu zen Jordanera, eta atseden hartu zuten han.

Huxai Absalomengana

15 Sartu zen, bada, Absalom Jerusalemen bere aldeko israeldar jende guztiarekin. Berekin zuen Ahitofel ere.

16 Daviden adiskide Huxai arkitarra Absalomi joan zitzaion, esanez:—Gora erregea! Gora erregea!

17 Absalomek galdetu zion Huxairi:—Hori al da adiskidearekiko zure leialtasuna? Zergatik ez zara joan berarekin?

18 Huxaik ihardetsi zion Absalomi:—Ez horixe! Jaunak eta herri honek eta Israel osoak hautatu duenarekin egongo naiz ni, eta berarekin geldituko.

19 Gainera, nor zerbitzatuko nuke nik Daviden semea izan ezik? Zuen aitaren zerbitzari izan naizen bezala izango naiz zurea ere.

Absalom bere aita Daviden ohaideekin

20 Absalomek esan zion Ahitofeli:—Hitz egizue zeuen artean zer egin behar genukeen.

21 Ahitofelek Absalomi:—Etzan zaitez zuen aitak etxezain utzi zituen ohaideekin. Horrela, Israel osoak jakinen du zeure aitaren arerio egin zarela; horrela, bizkortu eginen dira zure alde daudenak.

22 Ipini zioten, beraz, Absalomi oihal-etxola bat etxe gainean eta bere aitaren ohaideekin etzan zen, Israel osoaren begi-bistan.

23 Izan ere, Ahitofelen aholkuak Jainkoak berak emanak bailiran hartzen zituzten garai hartan. Horrela hartu ohi zuten Ahitofelen aholku oro, bai Davidek, bai Absalomek.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24