2 Samuel 24 EABD

Herritarren zenbaketa egin Davidek

1 Sutu zen berriro ere Jaunaren haserrea israeldarren kontra eta, zigortzeko, esan zion Davidi:—Tira, egin israeldarren eta judatarren zenbaketa.

2 Erregeak esan zion Joab bere gudalburuari:—Zoaz Israelen barna leinuz leinu, Dandik Beer-Xebaraino, eta egin herritar guztien zenbaketa, zenbat diren jakin dezadan.

3 Joabek ihardetsi zion erregeari:—Orain dena baino ehun bider handiago egin dezala herria Jaunak, zure Jainkoak, eta ikus dezala bere begiz errege jaunak! Baina zertarako nahi du ene errege jaunak halakorik egin?

4 Hala ere, erregeak bere agindua betearazi zien Joabi eta gudalburuei. Beraz, Joab, gudalburu guztiekin, erregearen aurretik atera eta israeldarren zenbaketa egitera joan zen.

5 Iragan zuten Jordan ibaia, eta Aroer-tik eta ibarraren erdian dagoen hiritik hasirik, Gad lurraldean zehar, Jazer-eraino heldu ziren.

6 Gero, Galaadera eta hititen lurraldera, Kadexera, joan ziren; baita Dan-Jaanera eta Sidongo inguruetara ere.

7 Tiroko hiri gotorrera ere iritsi ziren; baita hibiarren eta kanaandarren hiri guztietara ere. Azkenik, Judako Negev-erantz abiatu ziren, Beer-Xebara.

8 Horrela zeharkatu zuten lurralde osoa eta, bederatzi hilabete eta hogei egunen buruan, Jerusalemera heldu ziren.

9 Herritarrak zenbat ziren adierazi zion Joabek erregeari: Israelen zortziehun mila ziren ezpata erabil zezaketen gerra-gizonak, eta Judan bostehun mila.

Jainkoak herria zigortu zenbaketa egiteagatik

10 Herritarren zenbaketa egin ondoren, bihotzeko harra sentitu zuen Davidek eta esan zion Jaunari:—Bekatu astuna egin dut, bai. Hala ere, Jauna, barkatu zeure zerbitzari honen bekatua, erokeria egin baitut.

11 Biharamun goizean David jaiki zenerako, zuzendua zion Jaunak bere hitza Gad-i, Daviden zerbitzura zegoen profetari, esanez:

12 «Zoaz Davidengana eta esaiozu: “Hau dio Jaunak: Hiru zigor ipiniko dizkizut aukeran; hautatu bat eta huraxe ezarriko dizut”».

13 Joan zen, beraz, Gad Davidengana eta horren berri eman zion, esanez:—Zer nahi duzu: zazpi urteko gosealdia zeure lurraldean, hiru hilabeteko ihesaldia etsaia ondoren duzularik, ala hiru eguneko izurritea zeure lurraldean? Hausnar ezazu, beraz, ea zer erantzun behar diodan bidali nauenari.

14 Davidek, orduan, Gadi:—Hau larriaren handia! Hobe Jaunaren eskuetan erori, handia baita haren errukia. Ez nadila, ordea, eror giza eskuetan!

15 Jaunak, orduan, izurritea bidali zuen Israelera, goiz hartatik hasi eta esaniko epea bete arte. Herriko hirurogeita hamar mila gizon hil ziren Dandik Beer-Xebaraino.

16 Eta aingerua Jerusalem hondatzeko eskua luzatzen ari zelarik, atzera egin zuen Jaunak kalte hura bidaltzetik eta esan zion herria xehatzen ari zen aingeruari:—Atzera esku hori! Aski da!Une hartan Jaunaren aingerua Arauna jebustarraren larrain ondoan zegoen.

17 Herria xehatzen ari zen aingerua ikustean, honela mintzatu zitzaion Jaunari David:—Neuk egin dut bekatu! Artzain hau da errudun! Bildots hauek, ordea, zer egin dute? Zigor gaitzazu, arren, ni eta nire senitartekoak.

Davidek aldarea egin Jaunari

18 Egun hartan joan zen Gad Davidengana eta esan zion:—Igo zaitez Arauna deritzan jebustarraren larrainera, aldarea eraikitzera.

19 Igo zen, beraz, David, Jaunaren aginduz Gadek esan bezala.

20 Erregea eta beronen zerbitzaria zetozkiola ikustean, Araunak, bidera irten eta erregearen aurrean ahuspezturik,

21 esan zuen:—Zer dela-eta dator ene errege jauna bere zerbitzari honengana?Davidek erantzun:—Larraina erosi nahi dizut, Jaunari aldarea eraikitzeko, horrela izurritea herriarengandik urrun dezan.

22 Araunak Davidi:—Har beza ene errege jaunak nahi duen guztia erre-oparia eskaintzeko. Horra, hor dituzu idiak erre-oparitarako, eultzia eta idien uztarria egurretarako.

23 Hau guztia zuretzat ematen du Araunak, oi errege.Araunak beste hau ere esan zion erregeari:—Izan dezala atsegin zuregan Jaunak, zeure Jainkoak!

24 Erregeak, aldiz, erantzun zion Araunari:—Ez, balio duena ordainduz erosi nahi dizut. Jaunari, ene Jainkoari, ez diot eskainiko kostatu ez zaidan erre-oparirik.Horrela bada, zilarrezko berrogeita hamar txanponetan erosi zizkion Davidek larraina eta idiak.

25 Hantxe bertan eraiki zion aldarea Davidek Jaunari, eta erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zituen.Errukitu zen Jauna lurralde hartaz eta urrundu egin zuen izurritea Israelengandik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24