2 Samuel 3 EABD

1 Luzea izan zen Saulen eta Daviden etxeen arteko borroka. David gero eta sendoago egiten ari zen; Saulen etxea, aldiz, gero eta ahulago.

Davidi Hebronen jaiotako semeak

2 Hona hemen Davidi Hebronen jaio zitzaizkion semeak: zaharrena Amnon, Izreelgo Ahinoamengandik;

3 bigarrena Kilab, Karmelgo Nabalen emazte izana zen Abigailengandik; hirugarrena Absalom, Gexurko errege Talmai-ren alaba zen Maakaren semea;

4 laugarrena Adonias, Hagit-en semea; bosgarrena Xefatias, Abital-en semea,

5 eta seigarrena Itream, Daviden emazte Eglarengandik jaioa. Horiek sortu zitzaizkion Davidi Hebronen.

Abnerrek Ix-Boxet utzi

6 Saulen etxekoak eta Davidenekoak liskarretan zebiltzan bitartean, Abner nagusituz joan zen Saulen etxean.

7 Bazuen Saulek Ritzpa izeneko ohaide bat, Aia-ren alaba. Ix-Boxetek esan zion Abnerri:—Zergatik oheratu zara gure aitaren ohaidearekin?

8 Biziki haserretu zen Abner Ix-Boxeten salaketa horrekin eta ihardetsi zion:—Zakurraren putza ote naiz, bada, ni Judan? Hemen ari naiz etengabe zuen aita Saulen etxearen alde, berorren ahaide eta adiskideen alde; ez dut utzi zu Daviden eskuetara eror zaitezen. Eta emakume horrekin okerra egin dudala botatzen al didazu aurpegira?

9 Zigor nazala gogor Jainkoak, Jaunak Davidi egin zion zina betetzen gaurdanik lehiatzen ez banaiz;

10 erregetza Saulen etxeari kendu eta Israelen eta Judan, Dandik hasi eta Beer-Xebaraino, Daviden errege-aulkia sendotuko zuela egin baitzuen zin.

11 Ix-Boxetek ezin izan zion fitsik ere erantzun Abnerri, beldurra baitzion.

Abner Davidekin elkartu

12 Mezulariak igorri zizkion Abnerrek Davidi, beraren izenean esan ziezaioten: «Nor izango da lurraldearen jabe? Egizu nirekin hitzarmena eta zeurekin izango nauzu. Eta Israel osoa berreskuratzen lagunduko dizut».

13 Davidek erantzun zion: «Ongi da, eginen dut zurekin hitzarmena; baina gauza bakarra eskatzen dizut: ez azaldu niregana Saulen alaba Mikal ekarri gabe».

14 Saulen seme Ix-Boxeti ere bidali zizkion Davidek mezulariak, esatera: «Itzul iezadazu ene emazte Mikal, ehun filistearren zakil-muturrak eman bainituen berori emazte hartzeko».

15 Ix-Boxetek, orduan, Laixen seme Paltieli bere emazte Mikal kentzeko agindu zuen.

16 Senarrak Bahurimeraino lagundu zion, negarrez, ondoren joanez. Abnerrek agindu zion gizonari:—Tira, itzul zaitez! Eta itzuli egin zen gizona.

17 Abner, orduan, honela mintzatu zitzaien israeldarren buruzagiei: «Aspaldidanik nahi zenuten David zuen errege izatea.

18 Oraintxe duzue aukera, honela mintzatu baita Jauna Davidi buruz: Ene zerbitzari Daviden eskuz salbatuko dut neure herri Israel filistearren eta gainerako etsaien menpetik».

19 Era berean mintzatu zitzaien Abner benjamindarrei ere. Ondoren, Abnerrek Hebronera jo zuen, Israelen eta benjamindarren onarpena Davidi adierazteko.

20 Hogei gizonekin joan zen Hebronera, Davidengana. Honek otordua eman zien Abnerri eta beronekin joan zirenei.

21 Abnerrek esan zion Davidi: «Orain banoa. Zuregana bildu behar dut, ene errege jaun horrengana, Israel osoa. Hitzarmena egingo dute zurekin eta, zeuk nahi bezala, guztien errege izango zara».Davidek agur egin eta bakean joan zen Abner.

Joabek Abner hil

22 Daviden mutilak eta Joab irtenaldi bat egitetik zetozen, harrapakin ugari zekartela. Abner ez zegoen Hebronen Davidekin, ordurako joana baitzen bakean.

23 Joab eta beronekin ziren mutil guztiak heldu zirenean, honela esan zioten batzuek Joabi: «Ner-en seme Abner etorri zaio erregeari eta, honek agur eginik, bakean joan da hura».

24 Joabek erregeagana joan eta esan zion: «Zer egin duzu? Abner etorri omen zaizu. Zergatik utzi diozu joaten?

25 Badakizu, gero, nor den Ner-en seme Abner hori! Asmo maltzurrez etorri zaizu, zure joan-etorriak zelatatzera, zertan ari zaren jakitera».

26 Alde egin zuen Joabek Davidengandik eta mandatariak bidali zituen Abnerren ondoren. Hauek Sirako ur-putzutik itzularazi zuten, Davidek deus ere jakin gabe.

27 Abner Hebronera itzuli zenean, Joabek aparte hartu zuen, hiri-sarreran bertan, isilpean hitz egiteko bezala. Orduan, sabelean jo eta hil egin zuen, bere anaia Asahelen odola mendekatuz.

28 Gertatua jakin zuenean, honela esan zuen Davidek: «Ner-en seme Abnerren odolari dagokionez, garbi gaude ni eta nire erreinua Jaunaren aurrean.

29 Eror bedi hilketa honen errua Joaben eta beronen etxekoen gain! Izan bedi beti Joaben etxean odoljariodunik, legendunik, eme-itxurako gizonik, ezpataz edota goseak hilko denik!»

30 Joabek eta honen anaia Abixaik hil zuten Abner, honek bien anaia Asahel Gabaongo guduan hil zuelako.

31 Davidek esan zien Joabi eta honekin ziren gizonei: «Urratu zeuen jantziak, hartu soinean dolu-jantzia eta egizue negar Abnerren aurrean».Ondoren, David hilkutxaren atzetik joan zen.

32 Abner Hebronen ehortzi zutenean, negar-zotinka hasi zen David Abnerren hilobi ondoan, eta herri osoak ere negar egin zuen.

33 Erregeak eresi hau egin zuen Abnerren omenez:«Hain zentzugabekibehar al zuen Abnerrek hil?

34 Ez zizkizuten eskuak lotu,ez oinak kateatu.Gaizkileen eskuz bezalaerori zara lurrera».Jendeak are eta negar handiagoak egin zituen orduan.

35 Gero, Davidengana hurbildu eta, egun-argi zen bitartean, zerbait jateko esaten zion jende guztiak. Baina Davidek zin egin zuen, esanez: «Zigor nazala gogor Jaunak, eguzkia sartu baino lehen ogirik nahiz beste zernahi gauza jaten badut».

36 Jende guztiak entzun zuen hori eta ongi iruditu zitzaion, erregeak egiten zuen guztia ongi iruditzen zitzaionez.

37 Horrela jakin zuten israeldar guztiek egun hartan ez zuela erregeak agindu Ner-en seme Abner hiltzea.

38 Erregeak esan zien bere zerbitzariei: «Ez al dakizue, buruzagi bat, gizon handi bat, erori dela gaur Israelen?

39 Biguna naiz, errege gantzutua izan arren. Gizon hauek, ordea, Tzeruiaren semeok, ni baino gogorragoak dira. Baina itzul diezaiola Jaunak gaizkileari berak besteri egindako kaltea!»

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24