2 Hain maite zuen Amnonek bere arreba Tamar, ezen bere onetik atera eta gaixotu ere egin baitzen. Izan ere, Tamar birjina izanik, zail iruditzen zitzaion neskarekin ezer egitea.
3 Bazuen Amnonek adiskide bat, Jonadab izenekoa, Daviden anaia Ximaren semea, gizon azeria benetan.
4 Galdetu zion Jonadabek Amnoni:—Zer duzu, errege-seme horrek, egunean baino egunean makalago egoteko? Ez al didazu esan behar?Amnonek erantzun zion:—Gure anaia Absalomen arreba Tamarrez maitemindurik nago.
5 Jonadabek esan zion:—Etzan zaitez zeure ohean eta egin gaixo-itxura. Aita ikustera etortzean, esaiozu: «Otoi, esaiozu gure arreba Tamarri niri jaten ematera etortzeko; hark nire aurrean eta ni begira nauela jateko zerbait prestatzen eta bere eskuz ematen badit, jango dut».
6 Horrela, bada, etzan zen Amnon gaixo-itxurak eginez. Erregea ikustatzera joan zitzaionean, esan zion Amnonek:—Otoi, esaiozu gure arreba Tamarri etortzeko nire aurrean bihotz-tankerako bi opil egitera, eta emateko jaten bere eskuz.
7 Davidek mandatua bidali zion etxera Tamarri: «Zoaz zeure anaia Amnonen etxera eta prestatu zerbait jateko».
8 Joan zen, bada, Tamar bere anaia Amnonen etxera; hau ohean zetzan. Tamarrek ogi-irina hartu, orea egin, anaiaren aurrean opilak prestatu eta erre zituen.