26 Absalomek, orduan:—Zuk etorri nahi ez baduzu, utziozu gure anaia Amnoni gurera etortzen.Erregeak galdetu zion:—Zertarako joan behar du zuenera?
27 Absalom behin eta berriro esaten ari zitzaionez, azkenean utzi egin zien joaten Amnoni eta gainerako seme guztiei Absalomen etxera.
28 Absalomek agindu zien bere morroiei:—Begira, ardoak Amnonen bihotza alai-alai egin eta nik bera hiltzeko esatean, hil ezazue. Ez izan beldurrik, neuk agintzen dizuet eta. Aurrera eta izan ausart!
29 Absalomek agindu bezala, morroiek hil egin zuten Amnon. Errege-seme guztiek jaiki eta nork bere mandoz ihes egin zuten.
30 Oraindik bidean zirelarik, norbaitek zurrumurru hau ekarri zion Davidi: «Absalomek hil egin ditu erregearen seme guztiak; ez da bat bakarra ere gelditu».
31 Jaiki zen erregea, urratu zituen bere jantziak eta lurrera bota zuen bere burua. Ondoan zituen zerbitzari guztiek ere jantziak urratu zituzten.
32 Daviden anaia Ximaren seme zen Jonadabek, ordea, esan zuen:—Ez uste izan, ene jauna, erregearen seme guztiak hilak direnik. Amnon bakarrik hil da. Erabakia zuen hori Absalomek, hark bere arreba Tamar bortxatu zuenez geroztik.