31 Jaiki zen erregea, urratu zituen bere jantziak eta lurrera bota zuen bere burua. Ondoan zituen zerbitzari guztiek ere jantziak urratu zituzten.
32 Daviden anaia Ximaren seme zen Jonadabek, ordea, esan zuen:—Ez uste izan, ene jauna, erregearen seme guztiak hilak direnik. Amnon bakarrik hil da. Erabakia zuen hori Absalomek, hark bere arreba Tamar bortxatu zuenez geroztik.
33 Ez bedi, beraz, kezkatu ene errege jauna, seme guztiak hil dizkiotela pentsatuz. Amnon bakarrik da hila.
34 Absalom ihesi joan zen.Zelatari zegoen gudariak begiak jaso eta bere atzealdetik mendi-maldan behera jende asko lasterka zetorrela ikusi zuen.
35 Jonadabek esan zion erregeari:—Horra, hor datoz erregearen semeak. Zure zerbitzari honek esan bezala gertatu da.
36 Hau esan zuenerako, han agertu ziren erregearen semeak, eta garrasika negarrari eman zioten. Erregeak eta beronen zerbitzariek ere berebiziko negar-zotinak egin zituzten.
37-38 Absalomek Gexurko errege zen Amihur-en seme Talmairen etxera egin zuen ihes eta han bizi izan zen hiru urtez. Bitarte osoan dolu egin zion Davidek bere semeari.