21 Orduan, erregeak Joabi dei egin eta esan zion:—Horixe eginen dut. Zoaz, bada, eta itzularazi Absalom gaztea.
22 Joabek, ahuspezturik, erregea bedeinkatu zuen, esanez:—Oraintxe dakusat begiko nauzula, ene errege jauna; zeure zerbitzari honen gogoa bete baituzu.
23 Ondoren, jaiki eta Gexurrera abiatu zen Joab, Absalom Jerusalemera ekarrarazteko.
24 Erregeak, berriz, hau agindu zuen:—Doala bere etxera! Ez nazala ikus!Absalom, beraz, bere etxera joan zen, erregea ikusi gabe.
25 Ez zen Israel osoan bere liraintasunagatik Absalom bezain gizon goretsirik: burutik oinetara ez zuen akatsik.
26 Urtero moztu ohi zuen ilea, oso trinkoa zuelako. Bi kilo baino gehiago izaten zen haren ile-sorta, errege-pisuaren arabera.
27 Hiru seme jaio zitzaizkion eta alaba bat, Tamar. Ederra neska!