17 Erregea eta bere lagun guztiak oinez kanpora zihoazela, hiriko azken etxearen ondoan gelditu ziren.
18 Zerbitzari guztiak erregearen ondoan zihoazen; keretar eta peletar guztiak eta Gatetik jarraitu zioten seiehun gizon gatarrak, berriz, erregearen aurretik.
19 Erregeak esan zion Itai gatarrari:—Gurekin etorri behar al duzu zuk ere? Itzul zaitez eta gelditu beste erregearekin; zu ere atzerritarra zara eta zeure herritik erbesteratua.
20 Atzo heldu zinen eta gaur neurekin eraman behar ote zaitut bada, noraezean ibiltzeko, neuk ere nora joan ez dakidalarik? Itzul zaitez eta eraman zeurekin zeure senideak. Jaunaren onginahia eta leialtasuna zurekin!
21 Itaik, ordea, ihardetsi zion erregeari:—Ala Jauna! Ala erregea, ene jauna! Nire errege jauna nora, ni ere hara, hiltzeko nahiz bizitzeko.
22 Eta Davidek Itairi:—Aurrera, bada!Halaxe iragan zen Itai gatarra aurrera, bere gizon guztiekin eta berekin zuen senitarte osoarekin.
23 Herri osoa garrasika ari zen negarrez, jende hura guztia bazihoala ikustean. Iragan zuen erregeak Zedron erreka, eta jende guztiarekin basamorturako bidea hartu zuen.